Ayuntamiento Sangüesa / Zangozako Udala

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak eta hirugarrenenak, zure nabigazioa optimizatu, zure nahietara egokitu eta analisi-lanak egiteko. Nabigatzen jarraituz gero, gure Cookieei buruzko politika onartzen duzu.

Andre Maria Erreginaren Eliza

KANPOALDEA

Iglesia Santa MaríaZangozak duen harribitxirik handiena Andre Maria Erreginaren XII. mende bukaerako portada erromanikoa da, bere estiloan garrantzitsuenetakoa.

Zinez “harrizko erretaula” da, eta osagaiz bete-betea ageri da. Portada egiteko lanetan, bi maisu ezagun hauek aritu ziren: San Juan de la Peñakoa, goiko aldea landu zuena, eta Leodegarius, beheko aldea egin zuena.

Arte erromanikoa bereziki erlijiozkoa izanik, portada honetan doktrina-katekesia agertzen da, argi eta garbi Kristoren garaipena azpimarratzen baita.

Goiko galerian (zeruari dagokio), Kristo ageri da Tetramorfos izeneko ikurraz inguraturik (ebanjelarien sinboloa), bi aingeru eta hamabi Apostoluak ondoan dituela. Beheko aldea Azken Judizioari dagokio, eta bertan Kristo ageri da, tinpanoan gizakiak epaitzen, aurrean dituela Apostoluak, Ama Birjina erregutzaile gisa, San Migel arimak pisatzen, salbatuak eta kondenatuak, eta infernuko maskarak.

Erdi Aroko gizarte guztia agertzen da –gerrariak, apaizak, erromesak, musikariak, artisauak, bizioak eta bertuteak– tinpanoaren inguruko arkiboltetan. Arkibolten bi aldeetara, arkuarteetan, animalia beldurgarriak azaltzen dira, Itun Zahar eta Berriko gertakariak, eta Sigurd eta Regin arotzaren kondaira eskandinaviar famatua, Fafner herensugearekin. Beheko aldean, ezkerretara: Maria Magdalena, Maria Kristoren Ama (liburuan Leodegarius eskultorearen izena seinalatzen) eta Maria, Santiagoren ama. Eskuinetara: Juda urkaturik, San Paulo eta San Pedro.

Portada hau bere osotasunean ikusita, nabaritzen da badela estilo desberdintasuna, eta erromanikotik gotikorako bilakaera, lau eskultore tailerren lanaren ondorioz.

BARNEALDEA

Iglesia Santa MaríaElizari buruzko lehenbiziko datuak 1131. urtekoak dira. Orduan Alfontso I.a Borrokalariak Jerusalemgo San Joanen Zaldunen Ordenari eman zizkion bere errege-jauregi eta kapera, orube horretan burgu berriko parrokia egin zezaten. Garai hartakoak dira buruko hiru absideak. Gero nabeak eta portada erromaniko handia egin zituzten.

XIII. mendearen bukaeran, gurutzaduraren gainean, kupula oktogonal handia eraiki zen, eta haren gainean, XIV. mendean, dorre almenaduna, hiria babesteko kokapen estrategiko gisa.

XIV. mendean eliza lehenbiziko aldiz handitu zuten, orduan Errege kapera zenarekin (gaur egun San Migelgo kapera izenez ezagutzen duguna). Eta XVI. mendean elizako lanak bukatu ziren, Pietatearen kaperarekin eta haren oinaldean egin zuten koruarekin.

Aragoi ibaiko zubi ondoan egin zuten, eta tamaina txikiko eliza da. Bere oinplano erromanikoa, Jakako katedralaren modeloari jarraiki, hiru nabetan zatitzen da. Erdikoa da handiena, ez du gurutzadura markaturik eta buruan hiru abside erdizirkular ditu.

Erdiko absidean, erretaularen atzeko aldean, Egiptorako ihesa irudikatzen duen kapitel erromanikoa dago.

Bere tamaina eta koloreengatik nabarmentzekoa da erretaula nagusia, Aragoiko plateresko estilokoa, XVI. mendearen lehenbiziko herenean Juan Pérez Vizcaínok eraikia, Gabriel Yolyren diseinuaren arabera. Hiru oinetan zatitua dago, eta Ama Birjinaren Koroatzeak burutzen du. Ohorezko horma-hobian Rocamadorreko Andre Mariaren irudi gotikoa dugu, gurtza handikoa, XIII. mendearen bukaeran zilarrez egina. Frantziako Rocamador santutegitik datorkio izena; debozio handia izan zuen Erdi Aroan.

Balio handi-handiko beste pieza bat Prozesioko Kustodia da, Zangozako zilargintzako lanik hoberena. Zilarrez eta zati batzuetan urrez egin zen, estilo gotikoan, XV. mendearen bukaera aldera. Dorre lerdena, txikitzen diren hiru atal dituena. Buruan beirazko kutxatxoa eta gurutzea ditu, eta eukaristiako eszenak, aingeru adoratzaileak eta hamabi apostoluetako zortzi azaltzen ditu.

1997. urtean Interes Kulturaleko Ondasun izendatu zuen Nafarroako Gobernuak.

Bukatzeko, eliza honetan beste osagai azpimarragarri hauek topatuko ditugu: Norako Andre Mariaren irudi erromanikoa, Pietatearen multzoa –estilo espainiar-flandestarrekoa, XVI. mendekoa– eta XVI. mendeko ate margotuak, diptiko moduan agertzen direnak.

Andre Maria Erreginaren eliza Monumentu Nazional izendatu zuten 1889. urteko urtarrilaren 17an.

 

Facebook
Instagram
whatsapp