Nuestra Señora del Carmen komentuak XIII. mendean du jatorria, karmeldarrek Aragoi ibaiaren eskuineko ertzean altxatutako ermitategian. 1378an, Gaztelarekin izandako gerra-garaian, haren zati bat eraitsi zen estrategia-arrazoiengatik, eta hiru urte geroago egungo Carmengo komentua eraikitzen hasi zen, haiek seguruagotzat jo zuten leku batean. Frantsestean kuartel gisa erabili zen. Erlijiosoak 1835ean sekularizatu eta gero, 1842an ospitale gisa erabili zen, eta 1882an Karitateko alabak arduratu ziren hartaz.

Duela urte askotatik ez da kulturik egiten elizan; estilo gotikokoa da, eta oinplano angeluzuzena du, eta burualde laua. Bere nabe bakarra zortzi kanoi tartek –zorrotzak– estalita dago, zeharkako arkuen gainean; arkuak mentsuletan bermatzen dira. Bi aldeetan sei kapera zabaltzen dira, goialdean tribunak dituztenak. Puntu erdiko portadak sei arkibolta ditu, Ama Birjinaren eszenak, Nafarroako armarria, fededunak eta gerlariak agertzen dituzten kapitel luzeetako molduren gainean bermatuta.

Garai berekoa da klaustroa, oinplano karratukoa eta arkuteria lobulatuak dituena. Klaustroaren gainekoa adreiluzkoa da, XVII. mendekoa. 1980ko hamarkadaren bukaeran eraikina zaharberritzen hasi ziren, eta egun “Juan Francés de Iribarren” Udalaren Musika eskolaren egoitza da.

Carmengo elizako lanak 1995ean hasi ziren. Zangozako Udala izan zen ekimen horren sustatzailea. Nafarroako Gobernuko Vianako Printzea erakundeak, eraikin horren berezitasuna eta ondare-balioa kontuan hartuta, egitekoak ziren lanen azterlan orokorra egin zuen; horretan, eraikinaren zaharberritzeaz gain, barnealdeko antolaketa ere landu zen, eliza auditorio gisa egokitzeari begira. Azkenik, 1998an bukatu zen eraikinaren zaharberritzea, eta komentua Espazio Eszeniko bilakatu zen azkenik.