Flora eta Fauna

FLORA

FloraZangozan, ibai handietako ibar guztietan bezala, laborantza handia egon da eta badago. Mendi txikietako hegal aldapatsuak aprobetxatu izan dira duela hamarkada gutxi arte.

Olibondoak, mahastiak eta almendrondoak izaten dira, ordenarik gabe, gero eta nagusiago den lehorreko zerealaren artean. Muino eta zuhaitzik gabeko eremuen artean abariztiak daude, eta horien aberasgarri ezpelak daude iparraldeko aldeetan, hurbileko Pirinioen iragarle. Nekazaritza eta abeltzaintzaren presioa handia izan denez, eta sute anitz izan direnez, ezkai-zelaiak, ote zuriak eta albitz-belardiak dira orain, baita artemisia-belar zuri eta erromero-sailen bat ere, arra bete lur bakoitzean higaduraren aurka aritzen direnak borrokan. Landa aldapatsuak utzi ondoren, karraskala eta abaraztia ari dira garai batean hartuak zituzten eremuak berreskuratzen. Horrela, hainbat gune sortzen dira, balio handikoak fauna, flora eta lurra kontserbatzeari begira.

Sasi horietako batzuetan baso berritzeko pinudiak daude. Ibarraren gibelean, Irati eta Onsella ibaiek Esako urtegitik atera berri den Aragoi ibaiarekin nahasten dituzte urak, paisaia lehorraren monotonia urratuta. Bertako ibar-basoak dira, askotan, landaretzaren azkeneko zokoak, faunaren babes eta sorlekua; laborantza handiko eremu batean ezohikoa den aniztasun ekologikoa aurkitzen dugu bertan. Merezi du ibar-basoak bisitatzea Blanco, Entrambasaguas eta Kasedako presetan, Onsella eta Pastorizako meandroetan, etab.

Uraren hurbiltasunaren arabera, landaredi jakin bat izaten da. Horrela, sakontasun gutxiko uretan, sakanetan eta ibai ertzeetan, lezkak izaten dira. Eskalan hurrengoak ihiak ditugu, sakontasun gutxiko edo batere sakontasunik ez dagoen lekuetan. Zume jatorrak, sahatsak eta haltzak, noizbehinka uholdeak behar dituztenak, ertzean bertan izaten dira. Makaldiek eta lertxundiek osatzen dituzte benetako ibar-basoak; hala ere, beste espezie batzuk ere badira: ezpela, basoko fruta-arbolak, artziak, lizarrak, etab. Zumardia ibar-basoaren kanpoalderago dagoen eremua da, eta inguruko landaredi mediterraneo tipikoarekin muga egiten du.

Zangozako landaredi potentziala artadia edo karraskala da, beraz, bertan aurki dezakegun fauna inguru horri dagokiona da. Hala ere, iparraldetik Pirinioek egiten duten eraginak eta hegoaldeko eragin mediterraneo-kontinentalak ekosistema horietako animaliak ere ikusteko aukera ematen digute.

Zangozan ibai-ertzetan burzuntzak eta makalak izaten dira, eta haltz gutxi batzuk ere bai.

Ezin ditugu ahaztu gure geografia gurutzatzen duten sakanak, txikiak izanagatik garrantzitsuak baitira: Salmacio, Gayán, Peña, Fuente Aragón, La Estanca, La Val, Pontarron eta Baraiñones sakanek urak bildu eta ibaira bideratzen dituzte. Flora eta faunarentzako gune garrantzitsuak dira.

Gaitasun, erabilera eta istorio handiko landare anitz gutxietsi dira askotan xumeak izateagatik edo, besterik gabe, ezjakintasun hutsagatik. Basoan, haritzek eta arteek berenganatzen dute aireko espazio gehiena. Kultura askotan ohoratutako zuhaitzak dira, indarraren sinbolo, eta herri gehienen mitologian aurkitzen dira. Eneko Aritzak –Nafarroako errege IX. mendean– zuhaitz horienganako mirespenaren adibidea da; hain zuzen ere, ezizen hori, Aritza, hartu zuen. Ezpel, elorri zuri eta otxar sasi txikiak ageri dira nonahi. Perretxiko batzuk, goroldioa, ipurua, abaritza eta beste landare ugari biltzen eta erabiltzen dira antzinatik. Eztabaidagai den pinuak ere opari ugari ekartzen ditu. Pinuen, makalen, ezkien eta abarren gainean ezartzen den mihura sakratua zen jada garai bateko druidentzat. Ezkai eta abaritz belardiak, lore eder eta perfume onekin, digestio-laguntzaile gisa erabiltzen dira. Ote zuri, ipuru eta patxaran sasiak, arantza anitzekin.

FAUNA

FaunaArrainak:

Uraren egoeraren araberakoa izaten da bertako arrain-fauna. Horrela, ur hotza amuarrainentzako eta txipentzako ingurune egokiena da, eta ur epeletan barboak, loinak eta karpak egoten dira. Karramarroek, gure gastronomian ongi errotuak egoteaz gain, betebehar ekologiko garrantzitsua ere betetzen dute, uretatik haratustela garbitzen baitute.

Hegaztiak:

Zangoza estrategikoki kokatua dago; iparraldean Leire eta hegoaldean Peña mendiak dituenez, hegaztiak ikusteko leku bikaina da gure ingurua. Hortxe ditugu Leiren, eta neguan Zangozako mendietan ere, bisitan etortzen zaigun ugatza, atalarra eta basoilo txikia, baita uretako hegaztiak ere, migrazio bidean ibaian edo Mueda izeneko urmael txikian etenaldia egiten ohi dutenak.

Gure zeruetan hegan aritzen dira sai arreak, arrano beltza eta arrano sugezalea. Beste hegazti batzuk, lertxunak esate baterako, hemen sortzen ez badira ere negua gurekin ematen dute, eta zikoina, miru beltza eta kukua ere gurekin izaten dira eguraldi ona etortzen zaigunean.

Ugaztunak:

Animalia guztien artean ugaztunak dira ikusten zailenak, batez ere gauez ibiltzen baitira eta izaera mukerra baitute. Basurdea da denetan handiena, eta 100 kg-tik gorakoak ere izaten ahal dira. Orkatza ere ugaztun handi bat da. Nafarroan garai batean hartzen zuen eremua kolonizatzen ari da berriz, eta Zangozan ditugun baso urrietan ere sartzen da; hala ere, inor ez da haren presentziaz ohartzen. Azeria, untxia eta erbia, azkonarra, erbinudea, katajineta… Eta desagertu zaizkigunak ere gogoratuko ditugu: igaraba, katamotza eta otso mitikoa, duela gutxi gure artean zeudenak.