Zangoza, XII. mendearen erdialdetik, etapa garrantzitsua da Donejakue bidean. Hein batean, Donejakue bideari zor dio bere jatorria eta garapena; bestalde, Mendialdearen eta Erriberaren arteko bidegurutzean egon izanak ere bide eman zuen gizakiak bertan kokatzeko garai erromatarretik aurrera.

1089.-1093. urteen aldera, Nafarroako eta Aragoiko Antso Ramirez erregeak zubi bat eraiki zuen Aragoi ibaiaren gainean errazago gurutzatzeko, eta jauregi eta eliza bat eraiki zituen haren ondoan. Laster, Zangoza jendeztatzean, zubi horrek Kale Nagusiaren hasiera zehaztu zuen (lehen Rocaforten edo Zangoza Zaharrean zegoen), mendebaldetik-ekialdera, eta arteria horretan oinarrituta proiektatu zen gero Erdi Aroko Zangozaren planifikazio guztia. Alfontso I.a Borrokalaria erregeak herriaren garapena bultzatu zuen, eta horretarako, Jakako forua eman zien bertako biztanleei. Foruaren babesean garatu zen Zangoza, Merindadeko buru bilakatu arte.

Izan ere, Alfontso I.a Borrokalariak bizigune garrantzitsu bat sortu nahi zuen Somport eta Jakatik Nafarroara sartzen zen Donejakue bidean, eta horrek bultzatu zuen erabaki hori hartzera. Zangozako monumenturik garrantzitsuena, Donejakue bideari estu lotutakoa, gainera, Aragoi ibaia gurutzatzen duen zubiaren ondo-ondoan dago: Zangozako Andre Mariaren eliza. Ez dugu ahaztu behar Alfontso I.a Borrokalariak Andre Mariaren eliza zaharra eta horri atxikitako errege-jauregia San Joan ordenako monjeei eman zizkiela 1131n, hain zuzen ere, erromesei emandako laguntzagatik; izan ere, emate horren ondorioz eraiki zen gaur egungo Andre Mariaren tenplua. Gainera, elizaren ondoan altxatuko zen geroago Andre Mariaren edo Jerusalemgo San Joanen ospitalea, Donejakue bideko erromesak zaintzeko.

Zangozak Donejakue bidean izandako garrantziaren erakusgarri dugu bertan hamahiru ospitale ere egon izana, erromesei laguntza fisikoa eta espirituala eskaintzeko.