Ayuntamiento Sangüesa / Zangozako Udala

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak eta hirugarrenenak, zure nabigazioa optimizatu, zure nahietara egokitu eta analisi-lanak egiteko. Nabigatzen jarraituz gero, gure Cookieei buruzko politika onartzen duzu.

Bideak – Uñesa

Track Wikiloc

  • Sarrera:

Bide honek Zangoza eta Rocaforte hiribildu historikoek antzina Uñesan izan zituzten harremanak dakartza gogora. Izan ere, XIX. mendean, bertako urak eta larreak partekatzen zituzten. Gisa berean, Uñesako ibarrak beste herri batzuekin ere izan du loturarik mendeetan, Oibarrekin, kasurako.

Bidezidorra Zangozako Erdi Aroko hiribilduko alde zaharretik abiatzen da, Karrika Nagusiaren ondotik, eta 12 km-ko ibilbidea historiaz eta naturaz beterik dago. Aragoi ugaldearen ertzean, erriberako landaredi freskoaren artean murgildurik, ibilbideak aitzina egiten du, hainbat nekazaritza-lurren artean (mahastiak, laboreak, arbendolondoak…) gora, Sangüesa la Vieja(Zangoza Zaharra) izenez ere ezaguna den Rocafortera iritsi arte. Erromatarren garaian haitzetik sorturiko hiribildua oso garrantzitsua da Nafarroako historian, Antso I.a Gartzeitz erregea han berean jaio baitzen. Ibilbidean aitzina, Frantzisko Deunaren iturria topatuko dugu, XIII. mendekoa (1214), eta gora eginez El Romeraleko behatokira iritsiko gara. Hortik, Aragoi ugaldearen ibarra ikus daiteke, eta Pirinioak gibel-gibelean, aitzinean Leireko mendilerroa dutela.

Puntu horretatik aitzina, bidezidorra zatirik basatienean sartuko da, harrizko gailurrerian barna eta Mediterraneoko zuhaixkez inguraturik Uñesako ibarrera jaisteko. Azkenean, ibilbideak Castillón gaztelura eramanen gaitu, Merindadea zein Nafarroa babesteko nahitaezko gotorlekura, hain zuzen ere.

 

  • Hasierako zatia: Aragoi ugaldea:

Andre Maria Erreginaren eliza ondoko aparkalekutik abiatuko gara. Hor, informazio-kartelak topatuko ditugu hala Uñesako bidezidorrei nola beste bidezidor eta leku interesgarri batzuei buruzkoak. Karrika gurutzaturik, Turismo Bulegoa topatuko dugu. Metalezko zubirantz abiatuko gara, Zangozako bihotza den eta Udaletxea hartzen duen Karrika Nagusia gibelean utzirik.

Lehen pausoak egin bezain fite, Andre Maria elizako ataria topatuko dugu, Nafarroako Erdi Aroko arteko lan interesgarri eta konplexuenetarikoa. Ataria errektangularra da. Behealdean, bost arkibolta mailakatu ditu, 84 irudirekin; horiek arku zorrotza osatzen dute, tinpanoa eta ateburua inguratuz, eta hiruna zutabe irudidunetan bermatzen dira alde bakoitzean. Taulamendu estuz amaituriko behealde horren gainean, zutabe bikoitzeko bi arkuteria-lerro dago, apostoluen eta bi aingeruren 14 irudirekin eta Jesu Kristorekin, goiko lerroko erdialdean. Bi arku-lerroak moldura batek banandurik eta arkuak goian itxita daude, hostozko friso batez. Petxinetan, irudi erlijiosoez gain, sinbolismo aberatseko erliebe anitz dago. Tinpanoan, azken judizioa dago irudikaturik. Leodegarius borgoinarrak sinatu zuen Andre Mariaren irudia, lehen gorputzeko ezkerraldeko bigarren zutabean dagoena. Obraren gibeleratzea zela kausa, erregeak Leodegariusi zuzendaritza kendu eta San Juan de la Peñako maisu eskarmentudun eta beteranoari eman zion. Andre Mariaren eliza XII. eta XIV. mendeen artean eraiki zen, eta erromaniko-gotikoa da. Hiru nabeko oinplanoa du, gurutzadura lerrokatua eta abside erdizirkularrak. Nabearen gurutzaduraren gainean, dorrea dago. Rocamadorreko Andre Mariaren irudiaren gaineko erretaula nagusia estilo platereskokoa da (1550-1570), Flandesko Jorgeren lana (Zangozan bizi izan zen 1554tik 1586an hil zen arte).

Andre Mariaren elizako ataria gibelean utzirik, Aragoi ugaldea gurutzatuko dugu, Zangozako zubiko pasabidean barna, burdinazko zubi, metalezko zubi edo Aragoi ugaldearen gaineko zubi gisa ere ezaguna. Erdi Aroko harrizko zubi bat zegoen lekuan dago eraikia. Jatorrizko harrizko zubia 1089. eta 1093. urteen artean eraiki zen, Antxo Ramiritz erregearen aginduz, eta Nafarroa eta Aragoi arteko pasabidea zen. Zubiaz gain, Andre Maria Erreginaren eliza eta jauregi bat eraikiarazi zituen. Zubiaren kokalekuak zehaztu zuen, 1222ko Zangoza Berriaren birpopulaketan jada, herriko Karrika Nagusiaren ibilbidea, hiriaren abiapuntu gisara balioko zuena. Erdi Aroko zubiak erdi-puntuko zazpi arku zituen, erdiko arkua handiagoa zelarik, eta 120 metro luze zen. 1891ko maiatzaren 16an, Nafarroako Foru Aldundiak eta Bruselako Societé Anonyme de Construction et des Ateliers de Willebroeck elkarteak akordioa egin zuten burdinazko zubi berri bat eraikitzeko. Erdiko harrizko hiru arkuak eraitsita, haien ordez, 67,70 metroko argia zuen harrizko zubi bat jarri zen, 6,75 metro garai ziren saretazko bi habe zituena. 1891ko azaroaren 15ean amaitu zuten zubia eraikitzen, eta guztira 89.000 frankoko kostua izan zuen. Zubiari hainbat konponketatxo eta aldizkako mantentze-lanak egin zaizkio, baita konponketa batzuk ere 1984an. Pasabidetik ikusten den presa Zangozako Udalaren jabetzako “Electra municipal” zentral hidroelektrikoa elikatzeko eraiki zen, zeina ibaiaren beste aldean dagoen, ezkerraldean. Presan, ugaldeko hondartzan, ugaldean behera eraturiko uhartean eta horren gainean dagoen ur bilduan ibiltzen dira zangozarrak udan, bainatzen, jolasten, jauziak egiten, piraguaz ibiltzen… Ugaldea zeharkatu ondoren, ertzean jarraituko dugu, informazio-kartelera iritsi arte. Pixka bat aitzinera egin eta, berehala, ugaldearen ertzera (eskuinean) eramango gaituen bidea hartuko dugu.

Aragoi ugaldeak Huescako Pirinioetan du iturburua, Astungo ibarreko glaziar-zirkuan. Jazetaniako eta Berdungo kanalekolurrak zeharkatzen ditu, eta Nafarroan Esan barna sartzen da, bildua izateko. Ezka, Irati eta Arga adarren urak jasotzen ditu eskuinaldetik, eta Onsella adarrarenak ezkerraldetik, 8.524 km2-ko arroan, bere 195 km-ko ibilbidearen amaieran Ebro ugaldeari urtean batez beste 1.300 hm3 ur emateko, Milagro herrian.

Iturburuan elur anitz izaki, urtzeak eta udaberriko euriteek Irati ibaiaren eta Zaraitzu adarraren emaria areagotzen dute.

Aragoik Zangoza herrian zehar dituen hamabost kilometroak Kontserbazio Bereziko Eremu (KBE) izendaturik daude; dibertsitatea kontserbatzeko ingurumen-interes handiko eremuak dira, eta Europar Batasuneko estatu kideek Natura 2000 Sarean sartzeko aukeratu dituzte. Aragoi ugaldearen erdiko zatiaren KBEaren Kudeaketa-plana 53/2016 Foru Dekretuakonartu zuen.

Ibilbide honek historiaren zati bat ―gertukoena― ezagutzeko eta ugaldeak Zangozako garapen ekonomiko eta industrialean izandako garrantzia ulertzeko gonbidapena dakarkigu, baita bertako flora eta fauna ezagutzekoa ere.

Flora:

Uraren hurbiltasunak flora bereizgarria eragiten du, ugaldeen erdiko eta beheko tarteetan korrontearekin batera landaredi-zerrendak sorturik: sakonera eskaseko uretan, lezkak, zintabelarrak eta ezpata-belarrak aurki daitezke; ihiek uretatik kanpoko eremuak nahiago dituzte, baita zume jatorrek, sahatsek eta haltzek ere, zeinak ugaldearen ertzean berean jartzen diren eta, aldian behin, uholdeak behar izaten dituzten. Haien adarren azpian hazten dira landareak, hala nola azeri-buztanak, asunak edo mendak. Makaldiek eta zumardiek ibar-basoak osatzen dituzte, eta, makalak eta zumarrak nagusi diren arren, espezie franko aurki dezakegu: astigarrak, basoko fruta-arbolak, basoko gurbeondoak… Zumarrek erriberako landarediaren muga markatzen dute, eta inguruko flora mediterraneo tipikoarekin nahasten dira.

Aragoi ugaldearen tarte horretan eta ertz horretan, basoa oso estua da, ugaldearen ertza malkartsua delako eta berezko landarediak metro guti batzuk besterik ez duelako hartzen; hala, espezie batzuk bata bestearen gibeletik ikusiko ditugu. Bertako makal beltzen (Populus nigra) eta makal zurien (Populus alba) artean, La Industrial Sangüesinak 1932an landaturiko antzinako zur-ustiategi bateko makal beltz piramidalak aurki ditzakegu. Han diren zumar txiki batzuek aipamen berezia merezi dute, XX. mendearen amaieran grafiosiak akabatu zituen arte parke eta lorategiak apaintzen zituzten zumardi bikainak gogora ekartzeko.

Fauna:

Makroornogabeak: ugaldean, makroornogabe franko dago; beren elikadura-beharren edo premia fisiologikoen arabera, biotopo batean ala bestean bizi dira. Batzuek ur-lasterretan bizitzea atsegin dute, beste batzuek ur geldiak nahiago dituzte, anitzi heriotza ekarriko lieketen tokietara egokitzeko gai: harrien azpian, erdi lurperatuta, ingurugiroan zintzilik, galerietan, substratuari atxikirik… Ezinbestekoak dira ekosistemari eusteko: katebegi garrantzitsua dira kate trofikoan; izan ere, ornodun asko haiekin elikatzen da, batzuk materia organikoaren deskonposatzaileak dira, beste batzuk fitofagoak, harrapakariak, bizkarroiak…

Arrainak:

Egun, Aragoi ugaldean ziprinidoak gailentzen dira, ez salmonidoak (hauek zorrotzagoak dira uraren kalitateari dagokionez). Horien artean, bi amuarrain-espezie topa dezakegu: ortzadar-amuarraina (Salmo gardneri) eta amuarrain arrunta (Salmo trutta faio). Ur hotz, bizkor eta oxigenatua behar dute. Lehenengoa txertaturikoa da, eta autoktonoarekin habitata erdiesteko lehiatzen da.

Ziprinidoen artean, barbo, zamo eta loina franko topa dezakegu ugalde osoan. Ziprinidoen artean, ezkailua (Phoxinus phoxinus) da zorrotzena ur-kalitateari dagokionez, eta horrexegatik murriztu da haren kopurua.

Anfibioak eta narrastiak:

Ugaldeetan, espezie ornodun anitz izaten dira, batzuetan han berean babesa eta janaria aurkitzen dituztelako eta beste batzuetan ingurune urtarraren mende daudelako; adibidez, igel berdea (Pelophylax perezi), apo arrunta (Bufo bufo) eta txantxikua (Alytes obstetricans), putzu eta latsetan ugaltzen dena. Uhandre marmolairea (Triturus marmoratus) uretatik gertu eta landaredun ur geldietan edo putzuetan ugaltzen da.

Ingurune urtarrera oso loturiko bi narrasti daude: suge gorbataduna (natrix natrix) eta suge biperakara (natrix maura). Ez dute pozoirik, eta arrain eta anfibio txikiekin elikatzen dira. Biperakara urtarragoa da. Bere burua babesteko hartzen duen jarrera nabaria da: mehatxaturik sentitzen denean, burua lautu, hiruki-itxura hartu, txistu egin eta atzealdea erakusten du, sugegorriaren antza ematen diona. Hala ere, oso espezie lasaia da, eta bere harrapakinak soilik erasotzen ditu. Harrapatua delarik, likido uxagarria jariatzen du uzki-guruinetatik.

Krustazeoak:

Europako ugaldeetako karramarro autoktonoa (Austropotamobius pallipes) desagertu egin da Aragoi ugaldearen ibilgutik. Egun ere bada populazioren bat mendi-errekastoetan, baina ugaldeen beheko tarteetan sarturiko karramarro amerikarraren bi espezie gailendu zaizkio: gorria (Procambarus clarkii) eta seinaleduna (Pacifastacus leniusculus).

Hegaztiak:

Pazientzia eta zorte apur bat izanez gero, hainbat hegazti ikusi ahal izanen dugu: martin arrantzaleak (Alcedo atthis) ur-xafla arraseko hegaldian beren kolore urdin eta laranjaxka deigarriekin, urretxoriak, hontzak eta urretxindorrak, eguraldi onarekin batera etortzen direnak.

Urte osoan, aise topatuko ditugu basahateak, ubarroiak harrapakin bila uretan murgiltzen eta koartza hauskarak hegan edo beren behatokietan pausaturik.

Ugaztunak:

Habitat honetako mikrougaztun-espezieak ere topatuko ditugu: satitsu arrunta (Crocidura russura) eta uretako arratoia (Arvicola sappidus), soro-muxarra (Elyomis quercinus) edo basasagua.

Tamaina handiagoko ugaztunek babesleku segurua topatzen dute ibar-basoetan. Eremua biziki gizatiartua badago ere, Aragoi ugaldean gero eta ugariagoak diren kastoreek utziriko arrastoak ikus daitezke: adar eta enbor karraskatuak edo beren eguneroko lanaren ondorio diren tunelak landaredian.

Uraren kalitatea pixkanaka hobetzeak ere babesa eman dio igarabari (Lutra lutra), eta aise ikus daiteke familiartean uretan murgiltzen.

Aragoi ugaldearen erdiko tartea bisoi europarraren berezko habitatzat jotzen da, egun desagertzeko zorian dagoen espezie horrena.

Bidezidorrean aitzina egiten hasi bezain laster, Gayango sakana gurutzatu beharko dugu, ia-ia ugaldearen bokalean. Uñesako ibarra zeharkatzen duen ibilgua da, bi hegietako isurketa eta iturburuetako urak biltzen dituena, Aragoiri emateko. Aitzinerago ere topatuko dugu.

UGALDEA, ZANGOZAKO MOTOR EKONOMIKOA

Zangozako baratzea:

Bidezidorrak ugaldeko uren eta Pastorizako ubidearen artean garamatza. Irati ugaldeko urak daramatzan ubide horrek, lehenik eta behin, Rocaforte industrialdeko biomasako zentral termikoa (zereal-lastoa) hozteko balio du, eta, ibaian behera, Zangozako baratzea ureztatzeko: betidanik, baratzea jorratzea izan da herriko bizibiderik garrantzitsuenetarikoa. Halaxe deskribatu zuen M. Acilek Monografía de Sangüesa (Iruñea, 1943) lanean: “Aberastasuna nekazaritza da, bereziki baratzekoa. Urtetik urtera, baratzeari gero eta hektarea gehiago eskaintzen zaizkio. Pastoriza, Sotico de Batán, Ribalagua eta Cantolaguako ibar oparo eta hostozabalek pilo bat tona fruta eta barazki ematen dute urtero, kalitate paregabekoak; horien artean, Zangozako babarrun ospetsuak nabarmentzen dira. Erran daiteke Zangozako baratze hagitz emankor eta ongi landua populazioaren % 60ren mantenua dela. Hango produktuak, egunero, Iruñera eta Jakarako bidean dauden herrietara esportatzen dira “.

 

Almadien bidea:

Zangoza Hecho eta Valdearagüésko ibar aragoiarretako eta Erronkari, Zaraitzu eta Aezkoako ibar nafarretako almadien nahitaezko pasabidea izan zen, baita Ebro eta Tortosarainoko ibilbide luzeko portu nagusietariko bat ere, XX. mendearen hasierara arte. Zangoza ez zen geldialdia egiteko eta ostatu hartzeko lekua soilik, merkataritza-gune ere bazen. Egurketariek notario aitzinean sinatzen zituzten salerosketa-kontratuak, eta neurri jakineko enbor-kantitateak ibilbideko herri jakinetan uzteko konpromisoa hartzen zuten.

Bada dokumenturik 1349an Hechoko almadiak Zangozako errege-uharkan edo Norako presan barna igarotzen zirela dioenik. Egur-trafikoa izugarri hazi zen XV. mendean, errege-erreginen Erriberriko eta Tafallako gazteluen lanak zirela kausa, baita XVI. mendean ere, Iruñeko Ziudadela zela eta. Pirinioetako oihanetatik arraun eta mastak ateratzen ziren Errege Armadarako. Almadia bidezko garraiobidearen urrezko garaia XVIII. mendearen bigarren erditik aitzina hasi zen. Estatuak alimaleko egur-kopurua behar zuen Ubide Inperialerako eta Deustiarako, baita Cartagenako Errege Ontziolarako ere. Almadiek diru-sarrera handiak uzten zituzten herrian, enbor bakoitzeko hainbat zerga ordaindu behar baitzuten.

XIX. mendean, gerra zibilen ondotik, almadiek beren garrantzia berreskuratu zuten: negozio-gizonek zerratoki mekanikoak eraiki zituzten Agoitzen eta Zangozan. 1906an, Domingo Elizondo aetzak “El Irati” elkartea sortu zuen, XIX. mendearen lehen erdiko enpresa nafar garrantzitsuenetarikoa eta elektrizitateak industriaren alorrera ekarririko aukera zabalen adibide interesgarrienetarikoa. Enpresako bazkide sortzaileek, berritzaileak izan gabe, eskura zegoen azken teknologia elektrikoa ezagutzeko eta erabiltzeko abilezia izan zuten, eta betidanik landa-eremuari loturiko jarduerari, enbor-ustiapenari, alegia, industria-ikuspegia erantsi zioten. “El Irati” elkarteak izen bereko oihaneko aberastasuna ustiatu nahi zuen, almadiak Agoitzaino jaitsi, eta, tren elektriko baten bidez, enpresaren  indar hidroelektrikoz mugiarazia bera, egurra Iruñeraino garraiatu. Lehen ibilbide hori Lorenzo Orozen kudeaketari esker eraberritu zen, eta Udalak trena Zangozaraino iristeko interesa zuelako. 58 km-ko luzera zuen. Eta 4.421.375 pezetako aitzinkontua. Donostiako Carlos Lafitte ingeniariak egin zuen. Aldaketa horrek bidaiari- eta salgai-kopuru handiagoa garraiatzea ahalbidetu zuen, baina, batez ere, Zaraitzun eta Ezka-Aragoin behera jaitsitako egurra Iruñera eramatea. Estatuan eraikitako lehena izan zen, bere luzeragatik, baina batez ere korronte alterno sinple bidezko trakzio-sistema erabiltzea izan zen berrikuntzagatik, M. Latourrek sortua. 1911ko apirilaren 23an inauguratua, azken bidaia 1955eko abenduaren 31n egin zuen; izan ere, errepide bidezko bidaiari- eta salgai-garraioaren aldean, urteak zeramatzan lehiakorra izan gabe.

1936ko Gerra Zibilaren ondotik, almadiak garrantzitsuak bihurtu ziren berriro, erregai-eskasia zegoelako, baina ez denbora luzez: 50eko hamarkadan Esako urtegiko presa eraiki zutenean, mendeetako garraiobide jator hau betiko desagertu zen. Halere, Zangozako presak arrapalari eusten dio, eta ikuskizunen batean edo almadiazainen omenezko ekitaldiren batean almadiak bertatik jaisteko baliatzen da.

Presa eta zentral hidroelektrikoa:

Bidea hasi eta berehala ikusiko dugun presa Zangozako Udalaren jabetzako “Electra municipal” zentral hidroelektrikoa elikatzeko eraiki zen, zeina ibaiaren beste aldean dagoen, ezkerraldean. Ugaldeari kenduriko emariaren bidez dabil, Ebroko Konfederazio Hidrografikoak 2025era arte emaniko 16 m3/seg-ko emakidarekin. Turbinei eragin eta gero ura ugaldera itzultzen da, metro batzuk beherago.

1920an jada, Zangozak argiteria publiko eta pribaturako erabiltzen zuen zentrala, hiriko kronikari ofizial Juan Cruz Labeaga Mendiolaren arabera. (Dena den, ikusiko dugunez, Zangozak dezente lehenago izan zuen hornidura elektrikoa.)

Presan, ugaldeko hondartzan, ugaldean behera eraturiko uhartean eta horren gainean dagoen ur bilduan ibiltzen dira zangozarrak udan, bainatzen, jolasten, jauziak egiten, piraguaz ibiltzen…

Industria:

Bidezidor hau egiten duen pertsona harritu eginen da. Zirkuituak natura bilatzen du ugaldetik Rocaforteko sinklinalera, habitat hagitz desberdinak biak; esfortzu txikia egin beharra dago distantzia eta desnibela direla eta, baina, aldi berean, Zangozako egungo industria-enpresa garrantzitsuenak lotzen dituen ibilbidera garamatza. XX. mendean hasitako industria-eraldaketaren eta landa-lanen mekanizazio progresiboaren ondorioz, biztanleria pixkanaka hasi zen industria horretan lanean, eta arinago XX. mendeko 60ko eta 70eko hamarkadetatik aurrera.

EMBUTIDOS GOIKOA

Embutidos Goikoa Estatuko haragi-ekoizlerik garrantzitsuenetarikoa da, eta txorizo-kordak, onduak eta txistorra dira bere espezialitateak. Zangozako familia batek sortu zuen, 1929an: herriko harategi txikia zen, Eugenio Jiménezek berak eginiko hestebeteak saltzen zituen lekua. 1970ean, haren seme Javierrek hartu zuen lekukoa, harakintza-enpresari bihurtzeko. Familia-enpresa nabarmen hazi zenez, sozietate anonimo bilakatu eta Embutidos Goikoa, S.A. izendatu zuten. 1999an, instalazioak handitu, eta gure ezkerretara utziko dugun 7.000 metro koadroko lantegia inauguratu zen. 2002an, bikoiztu eginen zen, Rocaforte industrialdean dauden instalazio berriak ezarririk. Gaur egun, ia ehun urteko historia du pilaturik, eta familiako hirugarren eta laugarren belaunaldien esku dago. Ondutako hestebeteak xerratzen dituzten lehen bost ekoizleetako bat da Estatuan, urtean 12.000 tona ekoizteko ahalmenarekin.

Embutidos Goikoak merkatuko produktu-sorta zabalenetarikoa du. Ekoizpen horrek negozio-kopuru garrantzitsua sortzen du, eta enpresak mundu osoko 20 herrialdetara baino gehiagotara esportatzen du: esportaziook bere fakturazioaren % 43 dira. 150 langile ditu.

LA INDUSTRIAL SANGÜESINA:

Ur-jauzietan sorturiko ekoizpen elektrikoa da Estatuan integraturiko industriagunerik handiena sortu izanaren arrazoia, Bigarren Industria Iraultza delakoan, Nafarroak ere gertutik bizi izan zuen garai hartan. Aragoi ugaldearen ertzean kokaturik zeudela baliaturik (Nafarroako oihan-aberastasun izugarria garraiatzen zuten almadien igarobidea, laboreen lurretatik gertu), Ramon Jabalaren oinordekoek, hiriarekin lotura zuten beste nafar batzuekin batera, elkartearen eraketa sustatu zuten: “La Industrial Sangüesina”, eskualdeko enpresa-garapenean enpresa aitzindaria, ekoizpen elektrikoari, irin-industriari eta zerrategiari esker, bai eta horien merkaturatzeari esker ere (trenbidea). Aldi berean, energia soberakinen salmenta Nafarroako merkaturik garrantzitsuenean egiten zen. 1903ko maiatzaren 2an eratu zen.

Dena den, elkartea osatu baino lehenago ere, Jabala familiak argia ematen zion Zangozari, bere jabetzako Zentral elektrikoari esker. Zentrala Entrambasaguasen zegoen, Iratik eta Aragoik bat egiten duten lekuan, eta Aragoi ugaldean horretarako propio eraikiriko presa erabiltzen zuen. 1905etik aitzina, gauez ez ezik, egunez ere argia zegoen; izan ere, XX. mendearen lehen erdian, argi-puntuak ugaritu egin ziren, eta elektrizitatea arras beharrezkoa bilakatu zen, lehen etxetresna elektrikoak, zinematografoak eta abarrak agertu zirelarik. Honi buruzko lehen albistea 1908koa da, Zangozan zinema bat ezarri nahi izan zenekoa; 1912an, zentralak elektrizitatez hornitzen zuen “El Recreo” elkartearen zinema-aretoa.

Elkartearen hastapenetatik, irinaren negozioak garrantzi handia izan zuen. 1903an, irin-errota bat eraiki zuten Sausen, enpresaren energia elektrikoak mugiarazten zuena. Harekin eta familiak Rocaforten zuen bestearekin, irinaren negozioa ongi baino hobeki zihoakien, eta errota irin-fabrika bihurtu zuten. Horretarako, batetik, makinerian inbertitu behar izan zuten, eta, bestetik, “El Irati” elkartearekin negoziatu, trenbidea haren instalazioetatik igaro, bertan geratu eta bagoiak zuzenean bete ahal izateko propio eraikitako zamalekutik (oraindik ere bertan dago). Irin-fabrika 1968an itxi zen.

Zerratokiaren jarduerarako, La Industrialen kokapena bikaina zen: egurra Pirinioetako oihanetan eskuratzen zen, ugaldeetan behera eramaten zen, almadiak uztai batzuetara lotzen ziren eta, polea batzuei esker, zerratokira arrapaletan gora iristen ziren. Elkartearen hastapenetan, pinu- eta izei-egurra erosten zen; 20ko hamarkadan, pago-egurra eskuratzen hasi ziren, Aurizberrin eta Auritzen; eta, 1938an, La Industrial Sangüesinak sozietate bat sortu zuen Hechoko Oihanetako Administrazio Judizialarekin, egurra moztu, zerratu eta saltzeko. 1928an, La Industrial Sangüesinan 52 gizonek eta 7 mutikok egiten zuten lan, zortzi orduko hiru txandatan, 1931ko legeari jarraikiz.

1965eko ekainean, sute suntsitzaile batek instalazio guztiak, makinak eta bildutako egurra ere suntsitu zituen. Gero, berreraiki eta hobetu egin zen, makinak eta instalazioak erosirik, eta, horrela, merkatu aldakorrera egokitu eta 2014ra arte lanean jarraitu ahal izan zuen. Urte hartan itxi zituen instalazioak, mende batez baino gehiagoz jardun ondotik, soil-soilik egurgintzan aritu izan zen enpresak.

 

  • Rocaforteko tartea:

Gorago, Entrambasaguas izen adierazgarria duen lekuan, Iratiko urak hartu dituen Aragoi ugaldea gibelean utziko du bidezidorrak, eta Rocaforterantz eramango gaitu. Rocaforte Nafarroako Foru Komunitateko kontzeju bat da, Zangoza udalerriari dagokiona. Zangozako merindadean dago, Zangozako eskualdean, Nafarroako hiriburutik 40,5 km-ra. Erdi Aroko dokumentazioan, “Sangüesa la Vieja” (Zangoza Zaharra) izendapenarekin ageri da. Gaur egungo Zangoza hiriaren ondoko hiribildu zaharra da, eta X. eta XI. mendeetan garrantzi handia izan zuen Nafarroako Erresumaren defentsan. Gaztelu garrantzitsua 1516an eraitsi zuten, Nafarroako konkistaren ondotik. Tolesturak dituen erliebe bat aurkituko dugu Izko eta Leireko mendilerroetako hegoaldeko eremu geologiko honetan: Rocaforteko sinklinaletik Oibarko antiklinalera.

Rocaforteko edo Zangozako sinklinalak oligozenoko fazies detritikoei eragiten die, zeinak Zangozaren eraketari dagozkion: ibai-fazies bat, nagusiki hareharrizkoa, eta beste aintzira-fazies bat, batez ere buztin-tupazkoa. Hareharri horiek sorturiko gailurrek 700 metro dituzte Salajonesen, 564 metro Rocaforten eta 606 Barrio Alton. Gailur bien arteko ibarrean barna, Basobarreko eta Valeko sakanen ertzetatik paseatuko dugu; batak eta besteak, biek isurtzen dituzte urak Irati ugaldean.

 

Landaredia:

Goialdean ikuspegi zoragarriak zain ditugula, lur landu, arbendolondo eta fruta-arbolen sailetan gora eginen dugu. Rocaforte herrira iritsitakoan, paisaiaren aldaketaz ohartuko gara, Mediterraneoko landaredia aurkituko dugu eta: eskuinaldean, Solano de la Fontana, basoberako eremuekin (ezpelak, abaritzak eta karraskak); ezkerraldean, Viñeroko mendi-hegia, iparraldea edo ‘paco’-a, Zangozan gaztelaniaz ezagun den bezala. Hor, hezetasun-maila handiagoa denez, artadiak eta erkametzen bat daude, baita tamaina handiagoko sastrakaren bat ere, batez ere ezpela, abaritzari lekua harturik.

Artea (Quercus ilex) zuhaitz soila da, hosto iraunkorrekoa eta 20 m-ko garaiera ere izan dezakeena, nahiz eta batzuetan zuhaixka irudi dakigukeen. Zangoza inguruan, Viñeroko hegian eta beste toki bakan batzuetan baino ezin ditugu topatu halakoak, muino edo hegi garaietara mugaturik baitaude. Eskasia-garaian, haren ezkur gozoak errerik jaten zituzten.

Abaritza (Quercus coccifera) bere hosto gogor, txiki eta arantzatsuekin babesten da lehortetik eta aziendaren haginkadetatik. Oso lur eskasetan bizi daiteke, sasitza itxia eratuz, eta fauna eta lurra higaduratik babestuz. Hura desagertzeak lurra galtzea dakar.

Erromeroa (Rosmarinus officinalis) zuhaixka aromatikoa da, eta Rocaforteko El Romerali izena ematen dio, bertan hazten baita. Hosto iraunkorrekoa, udaberrian zein udazkenean loratzen da, kolore bioletako loretan, eta 2 metrora bitarteko garaiera izan dezake.

Sakanako behealdean, ‘rocafortarrek’ landuriko baratze zoragarriak daude. Urte-sasoiaren arabera, tomateak, urazak, karduak, zerbak, borrajak… ikusiko ditugu.

Frantzisko Deunaren iturria eta harraska dauden ingurunea freskoa eta atsegina da oinezkoentzat, eta hegazti txikien aterpe ere bada. Asisko Frantzisko Deuna bertatik igaro zenean, Santiagorako erromesaldian zihoala, sortu omen zitzaion ura iturriari, XIII. mendean. Hark sortu zuen Rocaforten, bere erromesaldian, Estatuko lehen komentu frantziskotarra. (Ura ezin da edan.)

Bidezidorrak gorantz jarraitzen du, tarteka makal garaiez josiriko sakanetik gertu, toki altuago eta irekiago batera iritsi arte, non labore-zelaiak eta basobera- zein ezponda-hedadurak uztartzen diren. Konbinazio horrek garrantzi handia du Rocaforten, eta ingurumen-balio handia ere bai.

El Romeraleko behatokira iritsirik, sasitza artean jarraituko dugu gailurrean zehar: karraska, abaritza, ipurua, erromeroa, ezkaia, elorri-triskak… Lur hauetan, lehen bezala gaur egun ardiak bazkatzen direnez, landareak ez dira erabat garatzen. Udaberrian, hainbat landare aromatikoren usainen nahasteak eta haien loreen kolore biziek are gozagarriagoa egiten dute txangoa. Bideak Uñesako ibarraren barren-barrenera garamatza.

Fauna:

Ekosistema honetako fauna askotarikoa da. Soroen artean babesleku naturalak daudenez, eperrek, untxiek edota azeriek ugaltzeko tokiak topatzen dituzte; orkatzak ere ikus ditzakegu, gero eta ugariagoak; baita miruak, belatzak, zapelatzak eta mozoloren bat ere.

Saiak ere maiz ikusten dira, Irunberriko arroilatik hurbiltzen baitira.

Narrastien artean, Montpellierko sugea eta eskailera-sugea ikus daitezke. Sugandila ere hagitz aise.

Industria-erabilerak:

Mendeetan, nekazaritza eta abeltzaintza izan dira eragile ekonomikoak: laborantzak, mahatsondoak, olibondoak, arbendolondoak… Horiek guztiek hartu izan dituzte jorra zitezkeen lur guztiak, hegi malkartsuenak ardi eta ahuntzen bazkarako utzirik. Industria-garapenaren hasieran, jarduera biak (nekazaritza eta abeltzaintza, bata, eta industria, bestea) aldi berean egiten ziren; halere, Europatik etorritako dirulaguntzek ebatzi dute mahastiak jarri ala kentzeko erabakia…

  1. mendearen amaieraz geroztik, administrazioek industria berrien ezarpena bulkatu dute, energia elektrikoaren ekoizpenaren erronkari aurre egiteko, atmosferara karbono dioxido gehiago isuri gabe. Gas hori eragiten ari da, besterekin batera, planetaren beroketa dakarren “berotegi-efektua”, mundu-mailako arazo larria.

Nafarroa komunitate aitzindaria izan zen iturri berriztagarrietatik eskuraturiko energien garapenean: 1995ean instalatzen hasiriko haize-parkeek teknologia berriztagarri berrien pixkanakako ezarpena bultzatu zuten; horiei esker, 2003an jada, Nafarroak iturri berriztagarrietatik eskuratu zuen kontsumituriko energia elektrikoaren % 56. Zangozako eskualdea adibide ona da: zentral hidraulikoek, eguzki-plakek, haize-parkeek eta biomasa-zentralak ura, eguzkia, haizea eta labore-lastoa darabilte energia elektriko berriztagarria ekoizteko. Paseoan, horiek guztiak ere ezagutuko ditugu:

Acciona Energiaren Biomasa-lantegia:

Ugaldea gibelean utzi ahala, industria-eremura hurbilduko gara. Bi tximinia handi ikusiko ditugu: ezkerrean, Smurfit Kappa papergintza-enpresakoa; eskuinean, pixka bat urrunago, Acciona Energiaren Biomasa-lantegikoa.

Azken hori, 2002an abiatua, erreferentea izan zen Europako hegoaldean labore-lastotik eskuraturiko energia elektrikoaren sorkuntzan. 30 megawatteko potentzia du, eta 60.000 etxebizitzatarako energia sortzeko gai da; energia-kopuru hori bera ikatz-zentral batean ekoitziko balitz, atmosferara 160.000 tona karbono dioxido isuriko lirateke urtean.

Erran bezala, labore-lastoa du lehengai, inguruko ekoizleei erosten zaien nekazaritza-azpiproduktua. Kamioitan ekartzen dute, fardotan, 70 km urrunetik ere. Hezetasun-maila egokia badu eta klororik ez, biltegitik labera eramaten da, uhal garraiatzaile baten bidez. Labean, 350 eta 400 kg bitarteko fardo bat erretzen da minutuero, 160.000 tona urtero.

Labean errez, ura 540 º-tara iritsi arte berotzen da; gero, lurrin bilakaturikoan, turbina birarazten du, eta turbinak sorgailua, elektrizitatea sortzeko. Lur azpiko kanalizazioaren bidez, sorturiko energia industrialdeko azpiestaziora iristen da, eta bertatik txertatzen da sarean, kontsumitzeko. Ur-lurruna hozteko eta berriro ur likido bilakatzeko, Pastorizako ubideko ur hotza erabiltzen da. Zirkuitu itxian, ur hotza galdarara itzultzen da, prozesua berriz hasteko. Ur hotza ubidera itzultzen da.

Biomasa-lantegiak egun osoan sor dezake energia, 24 orduz, ez dagoelako eguraldiaren mende (eguzki-plakek, kasurako, gauez ez dute energiarik sortzen, edo haize-sorgailuek haizea behar dute); hortaz, Nafarroako energia berriztagarrien ekoizpena osatzen du, zentral hidroelektrikoekin batera.

Biomasa baliabide berriztagarritzat jotzeak zalantza sor dezake, erre egiten delako. Ez da haizea edo eguzkia bezalakoa, zeinak haize-sorgailuak mugiarazi edo eguzki-plakei energia sorrarazi eta gero ez diren ez agortzen ez gastatzen. Baina izan bada. Inguratuko dugu bidean aitzina egin bitartean?

Salajonesko Haize-parkea

Izkoko mendilerro inguruko mendietan, Salajonesko Haize-parkea dago; bertako haize-sorgailuak ondoan izanen ditugu Rocafortera igotzen hasten garelarik. Guztira, 33 dira, 1997an ezarriak eta Acciona Energiak kudeatuak.

Haize-sorgailu modelo honek 50 m-ko altuerako dorrea eta 25 m inguruko hiru pala ditu, errotoreari lotuak. Horrek, haizeak eraginik, ardatz baten gainean egiten du bira, eta ardatzak, era berean, bere mugimendua gondolan dagoen sorgailu bati transmititzen dio; orduan sortzen da energia. Dorrean eta lur azpiko linea batean barna, parkean berean dauden transformadoreetara eramaten da. Tentsioa 11.000 v-ra igota, hegiaren erdialderaino berriro lur azpitik eta airean gero, Rocaforteko industrialdeko azpiestaziora garraiatzen da, sarean txerta dadin.

Haize-sorgailuaren goialdea haizearen aurka jartzen da beti. Haize-orratzak norabide egokia adierazten dio, behar bezala kokatzeko, eta anemometroak haizearen abiadura gehiegizkoa den ohartarazten dio. Kasu horretan, 80 km/h-tik gorako abiaduran, haize-sorgailuaren palak albora begira jarriko dira, bandera-posizioan; horrela, haizeari kontra egiten ez diotenez eta hark mugiarazten ez dituenez, haize-sorgailua gelditu egiten da. Gisa horretara, palak babestu eta matxurak ekiditen dira.

Salajonesko parkeko haize-sorgailuak txikiak dira, ez oso indartsuak. 660 Kw-eko potentzia dute. Elektrizitatea beren potentziaren % 100 baliaturik sortuko balute, etengabean, bakarra aski litzateke 300 lagunek kontsumitzen dutena ekoizteko. Gaur egun, 7,5 megawatteko haize-sorgailuak egiten dira, hauek baino hamaika aldiz pasatxo indartsuagoak.

Instalatu ondotik, hegaztiek palen aurka izaniko talken eta saguzarrei eraginiko kalteen jarraipena egin zen; izan ere, azken horien osaera hauskorra dela eta, palen mugimenduak xurgatu egiten ditu. Arazo horiek murrizteko, neurri zuzentzaileak ezarri ziren: haize-
-sorgailuetako bat kendu egin zen, leku handiagoa utzi zen eremu ibilienean, eta hiru pala horietako baten muturra margotu egin zen.

Giza jarduera orok ditu ondorioak ingurumenean; begien bistakoak dira hegazti eta saguzarrei eraginiko kalteak, edo mendilerroetako gailurretan ehun haize-sorgailu baino gehiago izateak sortzen duen eragin bisuala, baina, era berean, onura dakarkiote mundu osoari, CO2 isurpena saihesten baitute. Haize-megawatt batek 3.900 tona CO2 eta 75 tona SO2 (sufre dioxidoa) isurtzea ekiditen du urtero, eta 245 tona petroliok beste energia sortzen du. Hemen haizea bai, baina petroliorik ez dugula aintzat hartuz gero, energia-autosufizientziaren ondoriozko beste abantaila batzuk izanen ditugu: lanpostuak sortu, ekoizten den lekuan berean kontsumitu eta parkeak jartzen diren udalerrietan aberastasuna sortu, Rocaforten, kasurako.

Ibilbideko tokiak:

El Romeraleko behatokia: balkoi pribilegiatu honetatik, Izko, Leire, Pirinio, Santo Domingo eta Peñako mendilerroak ikusi ahal izanen ditugu. Rocaforte, Zangoza, hango industrialdea eta Aragoiko Bal d’Onsella osoa ere ikusiko ditugu.

El Romeraleko gailurra: handik, Kaseda, Galipentzu, Oibar eta bertako ibarra, eta Gardelain ikusiko ditugu, eta, gure azpian, bidezidor hauei izena ematen dien ibarra: Uñesa.

  • Uñesako ibarreko eta Arangoizeko tartea

Uñesako ibarraren amaierara garamatzan bidezidorrean behera jarraituko dugu. Bertan dago Gayán sakana, jatorrian Uñesa esaten zitzaiona, Oibartik gertu. Isurketetako eta iturbururen bateko urak biltzen ditu, Aragoi ugaldera eramateko. Haren bokalearen gainetik joango gara bidezidorraren hasierara, pasabide batean barna. Ohiki ugalde lasaia, inoiz uholderik ere ekarri du, goi-ibarretako ekaitz indartsuek eraginik.

Landaredia:

Ibar hau, paraleloen antzera, tupetan eta buztinetan sortu da. Ohiko laboreak lantzeko erabili izan da: zerealak, mahastiak eta, neurri txikiagoan, erromatarrek ekarritako olibondoak. Mahastiak uzta onak ematen zituen Uñesan, eta izen bereko ardoa ere ekoitzi zuten Zangozako “San Sebastián” upategi kooperatiban. Egun, mahasti guti dago Uñesan, eta upategiak ez du lanean jarraitzen. Belaunaldi gazteek ez dute ezagutu zer-nolako ikusmina sortzen zuen txikiengan mahats bete atoiak zeramatzan traktore-karabanak. Banan-banan deskargatzen zituzten upategiko arrapalan behera, eta barruan desagertzen ziren, urri aldera.

Bide errazago, zabalago eta erosoagoa. Areketan eta sakanetik hurbil, zintabelarrak eta ezpata-belarrak sortzen dira, lurrazaletik oso gertu ura dagoen seinale. Zubi ondoan, makal isolaturen bat… landaredia naturala eskasa da. Bidearen bi aldeetan edo hainbat jaberen lurrak bereiziz, heskaiak edo ezpondak ageri dira: astoarrosa-landareak (Rosa canina), abuztuan masusta ugari duten sasiak (Rubus ulmifolius) eta elorri beltz batzuk (Prunus spinosa), etxean patxarana egiteko basaranak ematen dituztenak.

Heskaiek hainbat funtzio izan dituzte, eta antzinatik erabili izan dira, denetik ateratzen baitzen haietatik: makilak, eta horietatik etxerako tresnak; aipatu masustak, basaranak edo arkakaratsak; baita sendagaiak ere, intsusa (Sambucus nigra), kasurako. Ageriko lekuetan, tamaina handiagoko heskaiak izaten ziren haize-babes gisara, horma bat baino hobeak baitira intsektu polinizatzaileak eta laboreak babesteko; izan ere, haizeak turbulentziak sortzen ditu pareten kontra jotzean.

Lurzati bilduek kalte egin diote landaredi natural horri, eta bazterturik geratu da.

Eskuineko hegiko goialdean, Alepo pinu-sail (Pinus halepensis) bat topatuko dugu, nahiko zaharra, 1925 ingurukoa. Alepo pinua Mediterraneoko aldaera bat da, lurrik lehor eta andeatuenean hazten dena. Hazkunde azkarreko zuhaitza da, lur azidoetan aitzindaria, eta 200 urtez ere bizi daiteke. Eremu honetan landaturikoak ez dira gehiegi hazi beren ehun urteetan, ziur aski lurraren kalitate eskasagatik.

Zangozara iritsi ahala, sorpresa bat topatuko dugu udazkenean: muinoko pinuen berde ilunaren artean, bi zuhaixka gorrik atentzioa emanen digute, gainerako sasoietan ez bezala. Zumakea (Rhus coriaria) da, metro inguruko zuhaixka, hosto oso berde eta leunak dituena, eta urushiol izeneko olioa ematen duena. Loreak sorta-eran jaiotzen dira, eta kolore hori-berdexka dute; fruitua, berriz, ilarren tamainako da, eta kolore arre gorrixka du. Persiar jatorriko landare hau hainbat arrazoirengatik sartuko zen, ziurrenik, Nafarroan: koloragarri gisa, erabilera terapeutikoagatik eta larrua ontzeko dituen taninoengatik. Lizarra inguruan aipatua izan da, han XII. menderako dagoeneko hazten baitzen. Egun, interpretazio-bidezidor bat dago Egaren hirian, haren laborantzak eta merkataritzak izan zuten garrantziaren berri emateko.

Fauna:

Basoberritze-pinudietako fauna eskasa da, baina landutako lursailekin, landu gabeko hegiekin eta oraindik dauden ezpondekin batera, babesa eta elikagaiak eskaintzen dizkie hainbat hegazti txikiri, pitxartxarrari eta gari-berdantzari, adibidez. Eperraren kanta ere entzun ahal izanen dugu.

Uso-pasan, uso-saldoek landaturiko lurrak erabiltzen dituzte beren bidaialdian atseden hartzeko.

Belatz handia ehizatzeko eremua da. Belatz hauek ehiztari paregabeak dira, eta hegan doazela harrapatzen dituzte harrapakinak (beste hegazti batzuk eta saguzarrak). Belatz handiek altueratik egiten dute ehiza. Harrapakina ikusi bezain fite, bat-batean eta ziztu bizian amiltzen dira, 320 km/h-ko abiaduran ere.

Ugaztunen artean, honako hauek ikusten ahal dira: pinaziak jaten dituzten sagu eta urtxintxak, sastrakak nahiago dituzten untxiak edo Zangozako Oltra auzoko etxeetako geranioen hostoak kimatzera hurbiltzen diren orkatzak.

Ibilbideko tokiak:

Jesusen Bihotza: Zangozako behatokirik hoberena. XX. mendean, monumentu bat eraikitzeko ideia izan, egin eta 1945eko ekainaren 18an bedeinkatu zen. Ama Birjinaren irudia 1881ekoa da, Martin Eguaras iruinxemearena; Jesusen Bihotzarena, berriz, Manresatik ekarri zen, 1885ean. Santa Margarita gainean dagoen monumentua Karrika Nagusiarekin dago lerrokaturik.

Castillón: Aragoi ugaldea Iruñeko erresuma sortzeko gertaturiko guztiaren lekuko isila izan zen. Orduan, Zangozak, Zaharra izena zuenak, eta Castillón burguaren jatorria izanen zen gotorlekuak defentsa ezin hobea osatu zuten razzia musulmanen kontra, haiek Zaragoza eta Ejea arteko galtzada erromatarra baliatzen zutelarik. Ibilbide hori erabili zuten musulmanek baskoien lurrak bereganatzen saiatzeko, baita Karlomagnok ere bere osteekin Zaragozatik itzultzeko, Orreagan garaitua izan aitzinetik. Beraz, Iruñeko erresuma txikiak ezinbestekoa zuen Oibar eta Bal d’Onsellako ibarrek markaturiko eremu zabala babestea; horretarako, pasabideak zelatatzeko gotorlekuak behar ziren, batak bestea ikusteko gisan, etsaien osteak etorriz gero ohartarazteko. Arangoiz gainean, muinoaren altuera baliaturik, erresumako eremu horiek zaintzeko diseinaturiko gotorlekua izanen zen. Haren orientazioak beste gotorleku eta leku garrantzitsu batzuekin komunikatzea ahalbidetzen zuen, Leire, Oibar, Rocaforte, Sause, Galipentzu, Peña edo Kasedarekin, kasurako. 1171n, Antso Jakituna erregeak foruak eman zizkion Castillón burgu txikiari; handik aitzina, agirietan ‘tenente’-ak agertzen hasi ziren, gaztelua seguruenik askoz antzinakoagoa izan arren, ikerturiko gaztelu gehienekin gertatzen den gisan. Haietako hainbat eta zenbait alkaide Zangozako arduradun izan ziren, gotorleku honen garrantziaren adierazgarri. Abizen sonatuak: Lehet, Oibar, Uritz, Artieda, Domintxaine, Aiantz… Agirietan, alkaideen, lanen, horniduren eta bestelakoen zerrendak ikus daitezke. 1519an, behin betiko eraitsi zen, Nafarroako erresuma jada konkistatua zelarik eta, zigor gisa, 1516an Nafarroako Pedro mariskalak merindadea berreskuratzeko eginiko ahaleginagatik. Garai hartan izan zen Zangozako merindadea zigortuen, nola eta gaztelurik garrantzitsuenak suntsituz: Castillón eta Burgiko gotorlekua.

Castillónetik bueltan, Zangozara jaisten hasiko gara, ibilbideari amaiera emateko. Malkar pikoan behera errazago egiteko, orain guti eskailerak eta eskudel-moduko katea paratu ziren. Halarik ere, izotz- eta euri-garaian kontu handiz ibili behar izaten da, irrist egitea hagitz erraza baita.

Abiapuntura itzulirik, Zangozako Karrika Nagusiak hartuko gaitu. Zangozako jendeaz, gastronomiaz, kulturaz eta monumentuez gozatzeko unea da.

Ongi etorri!

Facebook
Instagram
whatsapp