2016KO FABAREN ERREGEA HAUTATZEKO EKITALDIA ZANGOZAN
Destacado en portada
Heldu den larunbatean, abenduak 12, 2016ko Fabaren Erregea hautatzeko zeremonia eginen da Zangozako hirian.
Ekitaldia Vallesantoro Jauregian hasiko da eguerdiko 12etan, herriko alkate Ángel Navallasen agurrarekin, eta ondoren, Fernando Hualde historialari ezagunak “El Rey de la Faba en la historia de Sangüesa/Zangoza” izeneko hitzaldia emanen du. Hitzaldia bukatutakoan, Xanpainako leinuko erregeek Nafarroara ekarritako ohiturari jarraikiz, “faba” ezkutatzen duen opila banatuko zaie aurretik hautatutako 12 neska-mutikoei, eta horrela erabakiko da nor izanen den aurtengo Fabaren Erregea, zeina, eguraldia lagun, Herriko Etxeko balkoitik aldarrikatua izanen baita.
Erregea hautatzeko ekitaldi kuttun honetan Zangozako eta Muthiko Alaiak taldeetako dantzari txikiek ere parte hartuko dute. Hautaketa, dena den, 2016ko urtarrilaren 16an eginen den koroatze festa handiaren ezinbesteko aurrekaria besterik ez da.
Muthiko Alaiak elkarteak 50 urte baino gehiago daramatza koroatze festa hau antolatzen Nafarroako herri batetik bestera. Zeremonia, funtsean, Nafarroako erregeek zeukaten ohitura zahar baten erreprodukzio ahalik eta fidelena da, alegia: herriko neska/mutiko bat aukeratu, eta, Nafarroako Erregea koroatzeko erabiltzen zen zeremonia berari jarraikiz, errege izendatzea egun batez.
Koroatze zeremoniaz gainera, urtarril osoan, Fabaren Erregearen festa honen gaineko erakusketa tematikoa ikusten ahalko da Vallesontoro Jauregian (Kultur Etxea), eta horrekin batera, ekitaldia Zangozan ospatu den aurreko hiru edizioetako hainbat argazki ere bai.
Fabaren Erregearen koroatze ekitaldia Zangozari hiri izaera emateko tituluaren 350. urteurrena dela-eta 2015eko urtean zehar egin diren ospakizunen barrenean kokatzen da, bukaera festa gisa.