Arkitektura
Kanpoaldea
Aro barrokokoa izanik, oinplanoa ia-ia karratua dauka eskailera-kaxarekin barrualdean, behealdeko solairua eta bi solairu goialdean, eta gainera, azken oinplano estali bat ere. Badu bi uretako estalkia eta atzealdean eta aldemenean lorategiak.
Fatxadaren behealdea harlanduzkoa da eta baditu adreiluzko bi solairu inposta batez erdibituak. Goialdeko solairuetan bi balkoi barandadun irekitzen dira. Aitzinaldean ateburu handia gailentzen da, korintoar kapiteleko bi zutabe salomondar leunen artean kokatuta. Zutabeek kaxa-itxurako oinarriak dituzte eta uhandreak apaingarri gisan. Armarri bikaina ere zutabe salomondarren artean kokaturik dago, landare-roleoak, tenanteak eta maskaroia dituztela. Aurrealdeari azkena emateko frontoi triangeluar bat.
Nafarroako zurezko teilatu-hegalik ikusgarrienetariko batek koroatzen du eraikin noble hau, Mexiko eta Peruko arte kolonial amerikarraren apaingailuekin. Haren habeetan hamahiru or (alegiazko animalien figurak) giza buruak, flora, fruitu exotikoak, indiar atlantiarrak eta irudi irrigarriak harrapatuz.
Barnealdea
Jauregiaren ardatza kaxa kubikoko eskailera da. Honek hiru eskailera-tarte elkarzut eta zurezko kalostra aberats bat ditu.
Eskailerari lau zutabek eusten diote solairu bakoitzean, estiloa aldatuz batetik bestera. Behealdean ildaskatuak dira eta badute doriar kapitela, lehenengo solairuan joniar kapitela eta soka-bihurrikatuak, eta bigarrenean salomondarrak eta doriar kapitela. Lehenbiziko biak XVII. mendearen hasierako ohikoak dira eta salomondarrak berriz, berantiarragoak, hots, aitzinaldearen garaikideak. Jauregiaren behealdetik harresiak ixten duen lorategi zabal batera igarotzen da. Hortxe, ilargierdia daukan armarri bat ikus daiteke.