Historia
“Zangoza Zaharrak” –gaur Rocaforte herriarekin identifikatzen da, eta haren aztarna erromatar asko dago– zeregin garrantzitsua izan zuen X. mendean musulmanen aurkako defentsan. Donejakue bideak ekarri zuen goraldia zela eta, Iruñea eta Aragoiko errege Antso Ramirezek Jacako forua eman zion 1090. urtearen inguruan, Zangoza birpopulatu zedin, eta geldiune nagusi bihurtu zen Santiago bidean. Lurraldearen ezaugarriek hiria handitzea eragotzi zuten; beraz, 1122an, Alfontso I. Borrokalariak foru hori “burgu berrira” zabaldu zuen, eta horrela sortu zen gaur egungo Zangoza.
Bere garapenaren faktore historikoak bi dira: batetik, Aragoiko erresumarekin mugan zegoen, eta, bestetik eta batez ere, geldialdi garrantzitsua zen Pirinioak Somportetik igarota zetozen erromesentzat.
Alde zaharraren antzinako planoa Erdi Aroko hirigintzaren adibide bikaina dugu, bere lauki-sareko egiturarekin (kale nagusi bat eta beste batzuk harekiko elkarzutak edo paraleloak). Aragoi ibaiaren gaineko zubiaren norabideak Kale Nagusia zehaztu zuen, mendebaldetik ekialdera, eta “bideko” hiri izaera eman zion.
Aragoirekin izan ziren gerren ondorioz defentsarako harresiak behar ziren, baita dorre eta enklabe estrategikoak ere, alde guztiak zaintzeko. XIII. mendean, bi erresumen arteko bake-garai batean, hiria hegoalderantz zabaldu zen, La Población auzoarekin, eta gero harentzat ere beste harresi batzuk eraiki ziren.
Izen bereko merindadeko buru izanik, XIII. mendetik aurrera “Hiribildu” titulua zuen, baita Nafarroako Gorteetan eserlekua ere. 1665. urtean “Hiri” titulua jaso zuen.
Uholdeek kalteak eragin eta mende asko joan diren arren, bere kaleetan eraikin erlijioso eta zibil interesgarriak topatuko ditugu; goraldiko garaiak ekartzen dizkigute gogora, eta itxura monumentala ematen diote hiriari.