Oroimen historikoa: Tropezones

2021etik 2023ra bitartean, Tropezones Oroimen Historikoaren proiektua gauzatu zen. Horri esker, 1936ko estatu-kolpearen ondorioz erail eta errepresaliatu zituzten pertsonak bizi izan ziren etxeetako atarien espaloietan 42 plaka jarri ziren. Proiektu honen bidez, Zangoza / Sangüesako Udalak gure herritik indarrez kanporatu eta erail zituzten pertsona guztiak bere kaleetan gogoratu nahi ditu. Horrela, inoiz kendu behar izan ez zitzaien lekuan berreskuratzen du haien oroimena: beren etxean eta beren kaleetan.

Hemen irakur ditzakezu haien familiek helarazi dizkiguten testigantzetako batzuk.

ALEJANDRO ARANGUREN QUINTANA

1901eko otsailaren 26an jaio zen Zangozan. Leandro aitak etxea eraiki zuen semeekin batera. Inor ez zen joan dena ordaindu arte. Lanak amaitu zituztenean, familiaren erdia Argentinara emigratu zen. Carmelo eta Valeriano ez ziren inoiz itzuli. Alejandro bai, bi aldiz. Azken bidaian, pasaportean «familia» ageri da bidaiaren arrazoi gisa. 1936ko estatu-kolpeak hemen harrapatu zuen, bere seme-alabak irenstera ohiko lekura itzultzen zen mundu basati baten alde honetan. Eta egoera korapilatu zenean, izena eman behar izan zuen, etxeetan ezin baitzen borrokan ari ez zen gizonik egon. Edo Lucio anaia, edo bera. Eta berak eman zuen izena. Beste hainbat gizonekin kamioi batean Zaragozara eraman zuten. Gidariak honela esan zuen jaitsi zituenean: «Hemen txerri-kamioi bat uzten dizuet». Sanjurjo Tertzioko Palafox Banderako 2. Konpainian sartu zituzten. Prestakuntza eman, soldata ordaindu eta Almudévarreko frontera eraman zituzten. Hurrengo egunean, borrokatu gabe, Zaragozara itzuli, armak kendu eta fusilatze masiboak hasi ziren. Gerra Zibileko gertakari ilunenetako bat da, eta oraindik ere argiren bat noizbait agertuko zain gaude. Eta haren odola beraiena balitz bezala hartu zuten. Etxe honetan odol hori behin eta berriz negarrez oroitu zen. Diega amak ezin zuen ulertu nola Jainkoarengan sinesten zuten «onak», beren gurutze guztiekin, semea erailtzeko gai izan ziren. Bere amorru guztiarekin aurre egin zion apaizari, eta María, Alejandroren arreba, erantzule jotzen zituenen kontra joan zen. Gero etxera itzuli ziren, min gor eta mutu hura, batez ere mutu hura, barruan murtxikatzera.

Antza denez, gorpuak Torreroko hilerrira eramaten zituzten zabor-kamioian, eta kamioiak odol-arrastoa uzten zuen, jasaten zaila. Han hobi handi bat zulatu zuten. Herrialde osoa hobi handi bat zen. Eta han utzi zituzten, berunez beterik. Bere gorpua ez da inoiz berreskuratu. Krimena baino pixka bat lehenago utzi zigun azken irudian, irribarre estu batekin ageri da. Nik amets egiten dut irribarre hori zabaldu eta betiko barre egiten duela.


ANTONIO GARCÉS GOÑI

Áureo Garcés aitonaren anaiaren bila joan, eraman eta hil egin zuten. Hori da Antonio Garcési buruz dakiguna, eta haren oroimena ohoratu nahi dugu. Hain hitz gutxitan laburbildutako bizitza bat. Erauzi zuten bizitza bakar bat. Bere gurasoen eta anai-arreben mina, beldurra eta bidegabekeriaren aurreko amorrua irudika ditzakegu. Bere ideiengatik familiatik erauzia. Seinalatua, isilarazia eta eraila. Baina ez ahaztua.

Antonio Garcés 1908ko ekainaren 12an jaio zen Zangozan. Antonio Garcés Zugasti eta Petra Goñi Iriarteren semea zen. 28 urte zituen erail zutenean. Irin-fabrikan eskribau lanpostua zuen. Gizon jakin-min handikoa, geldiezina, pentsamendu askekoa eta garai hartarako kultua zen. Ez zen mezatara joaten.

Baliteke kontserbadoreei gustatzen ez zitzaien pertsona izatea, bere kabuz ibiltzen zelako, elizara joaten ez zelako, bizimodu ona ateratzen zuelako eta inori mesederik eskatu behar ez ziolako. Horregatik guztiagatik eta zeukan lanpostuagatik inbidia zioten. Fusilatu ondoren, karlista ezagun baten eta ustezko salatari baten senide batek hartu zuen haren lanpostua.

Antonio atxilotu, Zirkulu Karlistara eraman eta errizino-olioa edatera behartu zuten. Familia galdezka joan zen, baina ez zieten azaldu zergatik atxilotu zuten. Hurrengo egunean, beste gizon batzuekin batera, indarrez eraman zuten Sanjurjoren frontera, eta Zaragozan fusilatu zuten Zangozako beste 13 lagunekin batera, 1936ko urriaren 2tik 9ra bitartean. Haren gorpuzkiak Torreroko hilerriko hobi komun batean daude.

Antonio «Espainia Berriaren» aldeko «garbiketaren» biktima izan zen. Zangozako norbaitek zerrenda beltzean sartu zuen. Ez dugu inoiz jakingo nor izan zen.


ENRIQUE LORÉS BAMBÓ

Zangozako bizilaguna zen, eta Yesten (Huesca) jaio zen 1909ko apirilaren 3an. Eulalia Bambó eta Fidel Lorésen semea zen. Mª Teresa Remónekin ezkonduta zegoen, eta seme bat zuten: José Lorés Remón, 1935eko otsailaren 25ean jaioa.

Ezker Errepublikanoko kidea zen. Atxilotu zutenean, Zangozako zerrategian lan egiten zuen. 1936ko uztailean atxilotu eta San Kristobal gotorlekuan espetxeratu zuten. Zaragozako Sanjurjo Tertzioko kide izatera behartu zuten. Tertzioko kide askorekin batera, 1936ko urriaren 4tik 10era bitartean fusilatu zuten hiri hartan.

Ustez, haren gorpua Torreroko hilerriko hobi komunean dago lurperatuta, Tertzioko fusilatuen gorpuzkiekin batera. Epaiketarik gabe fusilatutako bizilagunen oroimenez Zangozako hilerrian dagoen monolitoa, Sartagudako Oroimenaren Parkeko horma eta Zaragozako Torrero hilerriko Oroimena monumentua dira haren aitortza- eta oroimen-lekuak.


FÉLIX LARRIQUETA

Félix Larriqueta Maisterra Uztarrozen (Erronkaribar) jaio zen 1881eko abuztuaren 1ean. Herri bereko Blasa Bozal Bernatekin ezkondu zen 1909ko irailaren 26an, Izaban. Bost seme-alaba izan zituzten: Félix, Modesta, Plácido, Gregoria eta Mª Alegría.

Félixek karabinero lanetan jardun zuen ibar osoan eta inguruko beste leku batzuetan. Bere ibilbidea Izaban amaitu zuen, han jaio baitzen azken alaba. 1935ean Zangozara joan zen bizitzera, Padre Raimundo etorbideko Urzaiz etxean.

Zin egin zion banderari leial izanik, nagusien eta Kleroaren artean etsaiak egin zituen, eta horrek eragin zuen gero haren hilketa. Pertsona zintzoa, leiala, kultua eta familiaren oso zalea zen. Bere idealekiko leial eutsi zion 1936ko irailaren 3ra arte, Loitiko gainan modu doilorrean erail zuten arte.

Familiak haren gorpuzkiak atera zituen 1978ko urriaren 25ean, legezko baimenik gabe, beste kide baten gorpuzkiekin batera, eta hurrengo egunean Aldunateko hilerrian lurperatu zuten. Urte luzez Aldunateko hilerriko hilarrian haien izenak jartzeari buruzko zalantzak izan ondoren, 2021eko irailaren 25etik aurrera gure hildakoek izen-abizenak dituzte. Haien senideok harrotasun sakona sentitzen dugu.


OROZ BUEY ANAI-ARREBAK

Oroz Buey anai-arrebak «Obispo» etxekoak ziren, eta estatu-kolpe frankistaren ondoren errepresio handiena jasan zuten familietako bat izan ziren. Getadarkoa zen Víctor Oroz Sola eta Undués Pintanokoa zen Paulina Buey Mayayoren seme-alabak ziren. Zortzi seme-alabako familia ugaria osatu zuten. Haietako hiru, Félix, Gregorio eta Ramón, estatu-kolpearen ondoren erail zituzten; beste bi, Isaac eta Guillermo, San Kristobal gotorlekuan espetxeratu zituzten; eta Presentación arreba urte batzuk geroago hil zen, jasandako guztiaren minak eta atsekabeak jota.

  • Oroz Buey Félix: 1907ko apirilaren 1ean jaio zen Zangozan, eta 1936ko irailaren 3an erail zuten Aldunaten (Loiti). UGTko afiliatua zen. Altxamendu militarra gertatu zenean, Zangozako beste ezkertiar batzuekin batera, Peña mendialdera ihes egin zuen. Atxilotu egin zuten. Familiaren iturrien arabera, ihes egin aurretik Virgen del Camino ermitatik igaro zen agur esateko. Haren gorpuzkiak Loitin fusilatutako beste pertsona batzuen ondoan lurperatu zituzten hobi batean, eta senideek 1978an atera ondoren, Aldunateko hilerrian lurperatu zituzten.
  • Oroz Buey Gregorio: 1896ko maiatzaren 9an jaio zen Zangozan, eta 1936ko irailaren 2an erail zuten Oibarko gainan. Primitiva Onecarekin ezkonduta zegoen, eta haren familia-etxean bizi ziren, Kasedan. Hiru seme-alaba zituzten. Bere anaiak bezala, UGTko afiliatua zen, eta Kasedako Bardeako kanaleko obretan lan egiten zuen.
  • Oroz Buey Ramón: 1910eko abuztuaren 30ean jaio zen Zangozan, eta 1936ko urriaren hasieran erail zuten Zaragozan. UGTko afiliatua zen. Atxilotu eta Zaragozako Sanjurjo Tertzioko kide izatera behartu zuten. Tertzioko kide asko bezala, urriaren 4tik 10era bitartean erail zuten hiri hartan. Haren gorpuzkiak Zaragozako Torrero hilerriko hobi komun batean daude.
  • Oroz Buey Presentación: Iruñeko ospitalean hil zen 1937ko apirilaren 30ean, 28 urte zituela, Isaac eta Guillermo anaiak San Kristobal gotorlekutik atera baino bi hilabete lehenago.
  • Oroz Buey Isaac: 1912ko ekainaren 2an jaio zen Zangozan. 1936an atxilotu eta San Kristobal gotorlekura eraman zuten. 1937ko ekainean gotorlekutik irten zenean, matxinatuen armadan mobilizatu zuten. 1938ko urtarrilean zauritu zuten, eta gerra amaitzean Nafarroako Ospitalean hil zen, jasandako torturen eta anaiak hil izanak eragindako sufrimendu moralaren ondorioz.
  • Oroz Buey Guadalupe: Iruñean hil zen 1949an, familiak jasandako sufrimendu moral handiaren eta gabezien ondorioz.

Guillermo eta Andresa Oroz Buey izan ziren bizirik iraun zuten anai-arreba bakarrak.


FRANCISCO ESTABOLITE HUALDE (1903-1936)

1903ko ekainaren 21ean jaio zen Zangozan. Inés Franco Cordeurekin ezkondu zen, Ledeakoa, eta lau seme-alaba izan zituzten. Lanagatik Andaluziara joan ziren bizitzera. Okin lan egiten zuen, eta hainbat ezizen zituen: «el Moreno» edo «el Popular». Ezkertiarra zen. Inguruko historialarien arabera, CNTko anarkista edo sindikatu horren ingurukoa izan zitekeen.

1936ko uztailaren 18an, berak eta berarekin lan egiten zuten beste bi gizonek liskarra izan zuten Guardia Zibilarekin. Tiroketa izan zen, eta bi pertsona hil ziren. Egun batzuk geroago, Falangea haren etxera joan zen bila eta kuartelera eraman zuten. Handik, Guadalquivir ibaian ainguratuta zegoen Cabo Carvoeiro espetxe-ontzira eraman zuten. Hilabete igaro ondoren, 1936ko abuztuaren 22an, «gerra-bandoaren» bidez atera eta beste 12 pertsonarekin batera fusilatu zuten La Cebonera izeneko parajean, Carmona eta Viso del Alcor artean.

Uste dugu gaur egungo San José hilerria eraiki zuten hobi komunean lurperatu zutela, Mairena del Alcorren, Sevillako probintziako beste herri batean. Hobi komuna oraindik ez dute induskatu; horregatik, 2023ko urtarrilean oraindik ez genituen haren gorpuzkiak berreskuratu. Gure aita, aitona eta birraitonaren hilketa sekretu ezagun bat izan da familian: lehen belaunaldiak sufritua, bigarrenak isilarazia eta hirugarrenak berreskuratua, gure ustez beste familia askotan gertatu den bezala. Orain bilobok hartu dugu gure senidea aurkitzeko, merezi duen duintasuna emateko eta hainbeste urtez irekita egon den zauria ixteko lekukoa.


GERMÁN ZAGURRIA CAMPAÑA

1892ko urriaren 10ean jaio zen Sos del Rey Católicon. Erbestean hil zen, Ziburun, 1963ko abenduaren 23an. Eugenia Olave Saguerekin ezkondu zen.

Zangozako CNTko kidea izan zen, eta uztailaren 18ko gauean Zangozan altxatu ziren faxistei aurre egin zien beste batzuekin batera.


ISIDRO ARTIEDA MARTÍNEZ

1904ko maiatzaren 15ean jaio zen Zangozan. Ezkongabea zen, eta Amadores kalean bizi zen gurasoekin: Zangozakoa zen Feliciano Artieda Felipe eta Kasedakoa zen Delfina Martínez Ongay. Etxe berean bizi ziren haren arreba Juana Artieda Martínez eta senarra, Francisco Iso Jiménez; harekin adiskidetasun handia izan zuen.

Isidro gazte indartsua eta ausarta zen, peoi lanetan aritzen zen eta UGTko afiliatua zen. 1936ko udan askatasuna kendu zioten Zirkulu Karlistan. Francisco Isorekin batera, heriotza-mehatxupean, Zaragozara eramango zituen kamioi batera igo zuten. Han, Sanjurjo Tertzioko legionario gisa kuarteleratu eta prestatu zituzten. Laster frontera bidali zituzten, baina borrokatu gabe Zaragozara itzuli ziren. Barrakoietan giltzapetu eta talde txikitan ateratzen hasi ziren. Isidro eta Francisco ilara desberdinetan zeuden. Franciscok keinu batez galdetu zion Isidrori nora zeramatzaten, eta hark sorbaldak jaso zituen. Ez zuten berriro elkar ikusi.

Isidro urte bereko urriaren hasieran fusilatu zuten. Franciscok gerra amaitu ondoren etxera itzultzea lortu zuen, bakarrik itzultzeagatik lur jota, bere koinatu maiteari zer gertatu zitzaion jakin gabe. Juanak eta Franciscok Isidroren gorpuzkiak non zeuden jakin gabe bizi eta hil ziren. Gaur egun ere ez dakigu non dauden.

Isidroren izena Zangozako hilerrian dagoen monolitoan ageri da, Sanjurjo Tertzioko kide izandako eta fusilatutako nafar herritarren oroimenez. Zaragozako Torrero hilerrian ere badago haren oroimenezko monolito bat.

Beti gogoratuko dugu.


JAVIER ROCAFORT APESTEGUÍA

1907ko azaroaren 23an jaio zen Zangozan, eta 1937ko apirilaren 7an erail zuten. Lanbidez elektrizista zen, Ezker Errepublikanoko afiliatua, eta Zangozako argindar-sarea zabaltzeko lanetan aritzen zen.

Altxamendu militarra gertatu eta egun gutxira atxilotu eta San Kristobal gotorlekura eraman zuten. Han egon zen preso erail zuten arte. Gobernu-preso deiturikoetako bat zen: epaiketarik gabe espetxeratutako pertsonak, gotorlekuko baldintza gogorrak pairatu zituztenak beren ideia politikoengatik soilik. Dominica Lozano emaztea eta bi seme-alaba zituen: Roberto eta María Ángeles. Senarra atxilotu ondoren, Dominica Iruñera joan zen bizitzera, eta ez zuen atsedenik hartu hura askatzeko eskatzen zizkioten ziurtagiri guztiak lortu arte. Askatasuna eman zioten, baina gotorlekutik irten baino egun batzuk lehenago, norbaitek Javier eta beste preso batzuk atera eta erail egin zituen. Ohikoa zen presoen jatorrizko herrietako falangista eta karlista talde armatuek, zaindarien laguntzarekin, presoak gotorlekutik ateratzea eta inguruan fusilatzea. Espetxetik emazteari bidalitako azken gutunean honela idatzi zuen: «Asko gogoratzen naiz umeez. Niregatik oso lasai egon, ondo nago. Nik ez baitut ezer egin, ez didate ezer egingo».

Lerro horiek bidali eta handik gutxira hil zuten. Gerra amaitu eta urte asko igaro ondoren ere, hiltzaileek ez zuten esan Javier eta beste presoen gorpuzkiak non lurperatuta zeuden. Javier Rocaforten seme-alabek, bilobek eta birbilobek harrotasunez gorde dituzte haren oroimena eta ondarea.


JESÚS IRIBARREN GARAYO.

1900eko abenduaren 24an jaio zen Zangozan. Juan Iribarren Amézqueta eta Luisa Garayo Laboreríaren semea zen. «Pocasombra» ezizenarekin ezagutzen zuten. María Iso Tabarrekin ezkonduta zegoen, Zangozakoa. Hiru alaba izan zituzten: María Jesús, María Luisa eta Asunción. María Jesús txikitan hil zen.

Urte batzuk Amerikan bizi izan zen, gidari lanetan. Zangozara itzuli eta nekazaritzan eta abeltzaintzan jardun zuen. Ez dirudi politikoki identifikatuta zegoenik, ezta alderdi politikoren batean afiliatuta zegoenik ere; hala ere, 1936ko abuztuaren 28an fusilatu zuten Lekunen.

Hasieran errepide bazterrean lurperatu zuten. Gerra amaitu ondoren, haren gorpuzkiak Lekungo hilerrira eraman zituzten, eta 1987tik Zangozako hilerriko nitxo batean daude, emaztearen ondoan.

 


JESÚS VILLABRIGA MIGUÉLIZ

1904ko ekainaren 10ean jaio zen Zangozan. «Katatxu» izenez ezagutzen zen familiakoa zen.

Rufina Garcíarekin ezkonduta zegoen, eta bi seme-alaba zituzten: Esperanza eta Jesús. Langilea zen eta CNT sindikatuko kidea.

1936ko azaroaren 24an erail zuten Zaragozan, borroka-kide askorekin batera. Ustez, haren gorpua Zaragozako Torrero hilerriko hobi komun batean dago lurperatuta, gainerako kideen gorpuzkiekin batera.

Rufina emazteari ilea moztu eta Zangozako kaleetan barrena ibilarazi zuten zigor gisa. Familiak zailtasun ekonomiko handiak pairatu zituen, eta azkenean Baionara emigratu zuen, Ipar Euskal Herrira.

Zangozako hilerrian 1936an eraildako bizilagunen oroimenez dagoen monolitoan eta Zangozako Santiago kaleko 19. zenbakian, haren etxea izan zenaren ondoan, jarritako plakan egiten zaio omenaldia. Familiarentzat oso zaila izan zen dolua egitea, haren gorpua ez baitzen inoiz aurkitu.


JOAQUÍN BEORLEGUI ZARATIEGI

Joaquín 1907ko apirilaren 3an jaio zen Zangozan. Antonio Beorlegui eta Margarita Zaratiegiren semea zen. Peñakoa zen Raimunda Arilla Abadíarekin ezkonduta zegoen. Familia «la Torre» izenez ezagutzen zen, Peña dorretik zetorrelako.

Peoi lanetan aritzen zen eta UGTko sindikalista zen. 1936ko irailaren 10ean Zaragozako Sanjurjo Tertzioko kide izatera behartu zuten. Urriaren lehen egunetan, Zaragozan erail zuten Tertzioko beste kide askorekin batera; haietako 13 Zangozakoak ziren.

1979ko otsailean Torreroko hilerriko hobi komuna induskatu zuten, Nafarroako, Errioxako eta Aragoiko fusilatuen senideen koordinakunde batek sustatuta. Identifikatu gabeko gorpuzkiak indusketara joandako herrietako hilerrien artean banatu zituzten. Horregatik, ez dakigu haren gorpua non dagoen.

Zangozako hilerrian eraikitako monolitoak eta Zangozako bere etxeko atearen ondoan jarritako plakak haren oroimena gordetzen dute.

Joaquínen hilketak babesgabetasuna, mina eta samintasuna eragin zituen familian. Hala ere, gertakari horiek ez ziren isildu, eta tristura handiz transmititu zitzaizkien belaunaldi berriei.

Demokrazia beren bizitzarekin defendatu zuten pertsona hauen heriotza bidegabea aitortzea ondorengo belaunaldien betebehar morala da. Haien oroimenak harrotzen gaitu.


JUAN MANGADO GARCÍA

Juan Mangado García 1883ko martxoaren 8an jaio zen Erriberrin. Zangozako bizilaguna zen, eta han bizi zen Dorotea Legorburu Guebara emaztearekin. Bere gurasoak, José Mangado eta Luciana García, Zangozan bizi ziren ere. Bost seme-alaba izan zituzten: Cecilio, Luisa, Hermenegildo, Aurora eta Juan.

Elektrizista zen eta zentral elektrikoan lan egiten zuen. UGTko militantea zen. 54 urte zituela atxilotu zuten, 1936ko uztailaren 25ean, eta San Kristobal gotorlekura eraman zuten. 1937ko apirilaren 10ean askatasunean utziko zutela esan zioten, baina gotorlekutik atera bezain laster inguruan erail zuten. Haren oroimen-lekua Antsoaingo hilerrian dago.

Familia osoa Donostiara joan zen bizitzera, salatuak izan zirela jakin ondoren. Dorotea emazteak asko sufritu zuen senarraren heriotzarekin. Gaixorik eta triste, 1950a baino lehen hil zen. Juan seme gazteenak Errepublikaren alde borrokatu zuen frontean, eta azkenean Frantziara ihes egin zuen. Han, Gurseko kontzentrazio-esparruan sartu zuten. 1939an Winnipeg ontzian bidaiatu zuen; Pablo Nerudak ontzi hori prestatu zuen Espainiako erbesteratuak Txilera eramateko. Seme zaharrena, Cecilio, Frantziara erbesteratu zen eta gero Bruselara. Azkenean, Txilen bizitzea erabaki zuen Juan anaiarekin batera.

Bi anaiek asko hitz egiten zuten bizitakoari buruz. Biek berriro hasi zituzten beren bizitzak Txilen, baina herria eta jaioterria asko sumatu zituzten faltan, eta egunen batean itzultzea amestu zuten beti.


LIBORIO MARCO MIGUÉLIZ

Liborio 1898ko uztailaren 25ean jaio zen Zangozan. «Ginés» etxekoa zen. Zangozakoak ziren Mariano Marco Sabio eta Alejandrina Miguéliz Sanzen semea zen, eta lau anai-arreba zituen: Martín, Vicenta, José eta Javiera.

Frankistek 1936ko irailaren 16an erail zuten, 37 urte zituela. Concepción Zubiate Murillo emaztea alargun utzi zuen; María Luisa, bi urteko alaba, eta hiru hilabete geroago jaioko zen Mariano semea, umezurtz.

Nekazaria eta CNTko afiliatua zen. Elkartasunez jardun zuen Kanaleko grebak kaltetutako familiei laguntzen, eta aberastasunaren banaketa bidezkoagoa eta orekatuagoa defendatzen zuen.

Errepublikaren aurkako estatu-kolpe frankistaren ondoren, atxilotu eta Zangozako espetxera eraman zuten. Hiru egun geroago egoera oso txarrean askatu zuten, errizino-olioa hartzera behartu ondoren, ohiko tortura-modua. Gero Sanjurjo Tertzioko kide izatera behartu zuten, baina ikusmen-arazo batengatik ez zuten egokitzat jo, eta Zangozara itzuli zen. Egun batzuk geroago, arratsaldeko zortzietan atxilotu zuten Zangozan. Zubiaren beste aldean zegoen kamioneta batean sartu eta Nardues-Aldunate herrira eraman zuten, Loitira. Han, hilerriko hormaren ondoan erail zuten gaueko hamarretan. Gorpua gau osoan abandonatuta utzi zuten, eta hurrengo goizean leku ezezagun batean lurperatu zuten.

«Gorriak» zirela leporatutako familiak senarra eta aita hil zutenen ondoan bizitzen jarraitu behar izan zuen, «garaileen» isekak eta mehatxuak jasanez. Gaur egun, haren bilobek haren bila jarraitzen dute, haren oroimena lehengoratu eta, azkenean, justizia egin dadin.

Argazkian, Liborio goian dago, ezkerretik lehena.


LUIS (1902-1970) ETA JOSÉ BENEDÉ ARTIEDA (1912-1936)

Luis eta José Benedé Teodoro Benedé Baztán eta Angela Artieda Gogocernaren semeak ziren. Beste hiru anaia zituzten: Laureano, Saturnino eta Ángel. Bostak CNTko sindikalistak ziren.

LUIS 1902ko martxoaren 15ean jaio zen Zangozan. «LA INDUSTRIAL S.A.» enpresan lan egiten zuen, eta CNTko sindikalista aktiboa zen. Alcalá de Henaresko eta Donostiako espetxeetan preso egon zen. 1947an fidantzapean aske utzi ondoren, Pirinioak zeharkatu eta Grenoble-Savoia ingurura erbesteratu zen. Frantzian, industria hidroelektrikoetan lan egin zuen, eta sindikalismoan eta mugimendu libertarioan aktibo jarraitu zuen.

Beti izan zuen jaioterrira, Zangozara, itzultzeko irrika, baina Béziersen (Frantzia) hil zen 1970eko maiatzaren 13an, itzultzea lortu gabe.

JOSÉ 1912ko martxoaren 15ean jaio zen Zangozan. Bere anaiak bezala, CNTko militante aktiboa zen eta «LA INDUSTRIAL S.A.» enpresan lan egiten zuen. Sindikatuak Iruñeko BANCO HISPANO AMERICANO bankuari egindako eraso-ekintza batean, familia behartsuei ekonomikoki laguntzeko asmoz antolatua, 1934ko ekainean, atxilotu, epaitu eta Valentziako espetxean zazpi urteko zigorrera kondenatu zuten.

1936an San Kristobal espetxera eraman zuten. 1936ko azaroaren 17ko «saka» batean, AMNISTIA LEGE berri bati helduta aske utziko zutela uste zuenean, mendi-hegaletan fusilatu zuten, Artikara iritsi aurretik.

1. argazkian, José ezkerretik bigarrena da.

2. argazkian, Luis ezkerretik laugarrena da.

 


MARTÍN LOZANO SEGURA

Martín 1888ko azaroaren 11n jaio zen Zangozan. 1936ko abenduaren 2an erail zuten Zaragozan.

Victoria Echarte Zabaldicarekin ezkondu zen, eta bost seme-alaba izan zituzten: Mariluz, Alfonso, Esperanza, Miguel eta Blanca.

Zangozako CNTko kidea zen, eta uztailaren 18ko gauean Zangozan altxatu ziren faxistei aurre egin zien beste batzuekin batera.


PRIMITIVO ETA EUGENIO PALACÍN CAMPAÑA

  • PRIMITIVO PALACÍN CAMPAÑA

1906ko azaroaren 25ean jaio zen Sos del Rey Católicon. 1936ko azaroaren 4an erail zuten Zaragozan.

Claudia Ortega Espositorekin ezkondu zen, eta seme bat izan zuten: Juan. Zangozako CNTko kidea zen, eta uztailaren 18ko gauean Zangozan altxatu ziren faxistei aurre egin zien beste batzuekin batera.

  • EUGENIO PALACÍN CAMPAÑA

1913ko irailaren 6an jaio zen Sos del Rey Católicon. 1936ko uztailaren 30ean torturatu eta erail zuten, herritarrak beldurtzeko zigor gisa. Zangozako CNTko kidea zen eta aurre egin zien.


SABINO (1904-1936) ETA AGUSTÍN IBÁÑEZ AZCOITI (1913-1936)

Sabino eta Agustín Ibáñez Azcoiti Zangozakoa zen José Ibáñez Iriarte eta Kasedakoa zen Isidra Azcoiti Baztanen semeak ziren. Beste hiru anai-arreba zituzten: Juan, Mercedes eta María. «Santaeulalia» familiakoak ziren.

SABINO 1904ko urriaren 6an jaio zen Zangozan. Nekazaria zen eta UGTko afiliatua. 1936ko abuztuaren 28an fusilatu eta Abintzanora igotzen den errepidearen bazterrean lurperatu zuten. Gero haren gorpuzkiak Lekungo hilerrira eraman zituzten, eta azkenik Zangozako hilerrian daude.

AGUSTÍN 1913ko urtarrilaren 26an jaio zen Zangozan. Ezkongabea zen eta igeltsero lanetan aritzen zen. CNTko militantea zen. Ustez, Sos herritik gertu, Peña mendialdean, fusilatu zuten uztailaren amaieran edo abuztuaren hasieran. Badirudi uztailaren 18ko gauean Zangozako Zirkulu Karlistari eraso egiten saiatu ziren Zangozako iheslarien taldeko kidea zela. Ez dakigu non fusilatu zuten, ezta non lurperatu zuten ere. 23 urte besterik ez zituen.



LEKUAK

  • SANJURJO TERTZIOA (Zangozako 14 lagun) Sanjurjo Tertzioa 1936ko irailaren 1ean eratu zen Zaragozan. Nafarroako, Aragoiko, Errioxako eta Soriako 600 ezkertiar inguru izena ematera behartu zituzten, bizitza salbatzearen truke. Borrokan sartu gabe, hil bereko 2tik 9ra bitartean, 20 laguneko taldeetan fusilatu zituzten masiboki; guztira 225 nafar. Gorpuak Zaragozako Torrero hilerriko hobi komun batean lurperatu zituzten. 1979ko otsailean, senideen elkarteek gorpuzkiak atera eta, identifikatu gabe, hainbat herritan lurperatu zituzten.
  • LOITI (Zangozako 10 lagun erailak) 1936ko uztailetik abendura bitartean, Loitiko gainaren bi isurialdeetan, Abintzano, Lekun, Sengaritz, Izko, Aldunate, Nardues, Tabar eta Muguetajarra bezalako paraje eta herrietan, gutxienez 69 pertsona fusilatu zituzten epaiketarik gabe, beren jarduera politiko eta sindikalagatik atxilotuak; haietako 10 Zangozakoak ziren. Loitiko gainan erail zituzten Zangozako bizilagun horiek zubia gurutzatzera eta kamioneta batera igotzera behartzen zituzten; kamionetak heriotzara eramaten zituen. Inor ez zen inoiz zubiaren beste aldetik itzuli.

 

  • SAN KRISTOBAL ESPETXEA (Zangozako 6 lagun)

Ezkaba mendiaren tontorrean dagoen gotorleku militarra da, Iruñetik hamar kilometro ingurura. Errepublikaren aurkako estatu-kolpetik 1945era arte, espetxea itxi zen urtera arte, 7.200 preso igaro ziren bertatik, gehienak errepublikanoak. Haietako 750ek bertan galdu zuten bizia. Estatu-kolpearen ondorengo lehen hilabeteetan saka ugari egin ziren —egun bakoitzean fusilatu behar zituzten presoen zerrendak—, eta beste asko mendiko hegaletan hil zituzten, askatasunean utziko zituztela esan ondoren. Espetxeko baldintzak gizagabeak ziren: pilaketa, gosea, hotza, zimitzak, gaixotasunak… 1938ko maiatzaren 22ko ihesaldia Espainiako Estatuan eta Europan izandako preso-ihesaldirik handiena izan zen, bai ihes egin zutenen kopuruagatik —795 preso—, bai ondorio kriminalengatik —207 preso hil zituzten—.

  • TORREROKO ESPETXEA, ZARAGOZA (Zangozako 6 lagun)

200 pertsona baino ez hartzeko pentsatua zegoen arren, 1936ko irailaren 1ean 1.300 preso zeuden pilatuta. Haietako ehunka saketan bereizi gabe atera eta hilerrira eraman zituzten fusilatzeko. «Goizeko bostetan presoak kaperara eramaten zituzten laguntza espirituala jasotzera; seietan, guardia zibilak eskuak lotzen hasten ziren. Espetxetik hilerriko hormetara eramaten zituzten kamioneta batean. Hormari begira ilaran jartzen zituzten. Fusilatze-pelotoiaren tiroek lurrera bota ondoren, txandako tenientea hurbildu eta pistolarekin bizpahiru tiro ematen zizkien buruan.»

  • PEÑA MENDIALDEA Uztailaren 19ko gauean, Errepublikaren aurkako estatu-kolpea gertatu eta ordu gutxira, langile talde bat Kale Nagusiko Zirkulu Karlista hartzera abiatu zen, altxamendu frankistari aurre egiteko asmoz. Saiakerak porrot egin zuen, eta parte-hartzaile askok Peña mendialdera ihes egin zuten, Errepublikako Gobernuari leial zitzaion herriren batera iristeko asmoz. Estatu-kolpearen aldekoek etengabeko miaketak egin zituzten mendialdean, eta horren ondorioz epaiketarik gabeko fusilatzeak eta atxiloketak izan ziren.

 

 

Facebook
Instagram
whatsapp
contacto
Volver arriba