Ayuntamiento Sangüesa / Zangozako Udala

Beste Leku Erakargarri Batzuk

Zangoza erakargarri turistiko ugariz inguratua dago. Batzuk historiko-artistikoak dira, esaterako Leireko Monasterioa, Xabierko Gaztelua edo Zaragozako Sos del Rey Católico hiribildua; beste batzuk naturalak dira, esaterako Irunberriko Arroilak edo Pirinioetatik hurbil dauden mendiak… Horri esker, hiri ezin hobea dugu Nafarroa bere aniztasunean ezagutzeko.

XABIERKO GAZTELUA

Castillo de JavierNafarroaren zaindari San Frantzisko Xabierkoaren sorlekua dugu. Gaztelu-gotorleku txikia da, Nafarroako Erresuman garrantzia estrategiko handia izan zuena, Nafarroa eta Aragoi arteko mugan egoteagatik.

X. mendearen azken aldean du jatorria. Garai hartan, herriko goiko aldean bazen zaintzeko edo seinaleak egiteko dorre bat. Dorre horren inguruan gazteluko atalak eraikitzen joan ziren, eta XIII. menderako gaztelua finkatua gelditu zen. Hasierako dorrea gazteluko dorre nagusi bihurtu zen. XV. mendean, San Frantzisko Xabierkoaren gurasoek, Joan Jasokoak eta Maria Azpilkuetakoak, beste sail batzuk eraikitzea agindu zuten. Horietako batean jaio zen Santua 1506. urtean. Eremu horretan egin zen gazteluko gaur egungo basilika, XIX. mendean berritze-lanak egin ondoren.

Urtero, bere kanonizazio egunarekin batera –1622ko martxoaren 12a–, Xabierrerako erromesaldi ezaguna egiten da, “Xabierraldi” deitutakoa. Milaka lagun, nafarrak eta Nafarroatik kanpokoak, Zangozan elkartzen dira eta zortzi kilometroko gurutze-bidea egiten dute Xabierreraino, Nafarroaren zaindariaren irudia gurtzeko.

Nafarroako Gobernuaren Turismo Zerbitzuaren artxiboak utzitako argazkia.

 IRUNBERRIKO ARROILA

Foz de LumbierIrunberriko arroilak edo mendi-zintzurrak bere udal barrutitik hartzen du izena. Irati ibaiaren higadurak sortu du milioika urtetan. Arroila txiki eta meharra da, 1.300 metroko luzerakoa, eta 150 metroko desnibela du. Txikia izanda ere, ikusgarria da. Beste arroila batzuetan ez bezala, bere barnean ibiltzen ahal da, bertako horma landaretsuak ikusteko aukera izanda.

Gaur egungo ibilbidea Irati trenaren bidea izan zen garai batean. Lehenbiziko tren elektrikoa izan zen, eta Zangoza eta Iruñea lotu zituen, 1911. eta 1955. urteen bitartean. Seinaleztatutako ibilbidea da, ibaiaren ondoan, eta haitza bi aldiz zeharkatzen du, trena pasatzeko zulatutako tunelen bidez. Arroilatik ateratzen garenean XVI. mendeko zubi batera iritsiko gara. Arku bakarrekoa da, eta XIX. mendean hondatu zen. “Deabruaren zubia” deitzen diote, eta izena kondaira zahar batekin loturik dago.

Nafarroako Gobernuaren Turismo Zerbitzuaren artxiboak utzitako argazkia.

 LEIREKO MONASTERIOA

Monasterio de LeyreNaturaren erdian kokatua, Leire mendiaren azpian dago San Salbatore Monasterioa. Monumentu Nazionala da, eta mendeetan hainbat funtzio bete ditu: errege-gortea, apezpiku-egoitza eta Nafarroako errege-erreginen panteoia.

Berant Erdi Aroan du jatorria, baina 842. urtean aipatu zen lehenbiziko aldiz idatzizko dokumentu batean. 1057. urtean sagaratu zen tenplua, eta XI. eta XII. mendeetan izan zuen unerik gorena. Goraldi eta beheraldiak izan zituen XIX. mendera arte; orduan, Mendizabalen Desamortizazioarekin, bazterturik gelditu zen. 1954. urtean Silosko Santo Domingoko beneditarrak iritsi eta Leireko monasterioa berriz ere erabiltzen hasi ziren.

Egiten den bisita turistikoan, bereziki aipagarria da XI. mendeko kripta, eliza erromanikoaren buruari eusten diona. XII. mendeko Porta Speciosa ere nabarmentzekoa da; elizpe erromaniko perfektua da, elizarako sarbidea osatuta.

Nafarroako Gobernuaren Turismo Zerbitzuaren artxiboak utzitako argazkia.

 SOS DEL REY CATÓLICO

Sos del Rey CatólicoZaragozako herri hau ezaguna da Fernando Katolikoa jaio zelako bertako jauregi batean; Zangozatik 13 kilometrora dago soilik.

Aragoiko Cinco Villas izeneko eskualdeko buru da, eta Nafarroa eta Aragoiko erresumetako mugako talaien ezaugarriak mantentzen ditu.

Bere harresietan zabaldutako zazpi atariek harri zaharreko kale meharretara eramanen gaituzte. Horietan, bisitariak miretsiko du harrizko etxe eta jauregien multzo harmoniatsua, Erdi Aroan murgilaraziko duena.

Bisitaria, bere ibilbidean, kale nagusitik edo Fernando Katolikoaren kaletik, Español del Niño-tarren XVI. mendeko Jauregira hurbilduko da, eta handik Sadatarren Jauretxera –han jaio zen Fernando Katolikoa 1452ko martxoaren 10ean–. Ondoren atzera egin eta herriko plazan sartuko da. Arkupeak dituen toki honetan egiten zen merkatua lehen , eta gaur egun bertan daude Udaletxea, XVI. mendekoa, eta Isidoro Gil de Jaz eskola, XVIII. mendekoa. Gora eginen dugu, haitzaren goiko aldera, eta bazterrean utziko dugu Erdi Aroko lonja erromanikoa. Horrela iritsiko gara XI. mendeko San Esteban elizara. Oinplano erromanikoa du, eta hiru abside erdizirkularreko kripta bat, eta haren gainean elizaren burua. Horrek monumentu itxura ematen dio kanpoko aldetik begiratuta.

Hurbileko baselizek osatzen dute Sos del Rey Catolicoko erlijiozko arkitektura. Horien artean, nabarmentzekoa da Nuestra Señora de Valentuñanako santutegia.

Ricardo Vilak utzitako argazkia. Jabea: Zaragozako Diputazioaren Turismo Patronatua. Aragoi, Sefarad Eremua.

Volver arriba